Udalak prentsa ohar bidez gogorarazi bezala, “aspaldiko beharra” da Artzabalgo espaloiarena eta, bere iritziz, “hilerri berrira oinez joateko bidea seguruagoa izango da espaloia egiten denean, baita aurreikusita dagoen historiaurreko bailarako ibilbidea ere”, gaur egun errepidetik egin behar baita zati bat.
Azaldutakoaren arabera, zabalera aldakorreko espaloi bat proiektatu da galtzadaren maila berean eta behar den espazioa errepidearen zabalera murriztuz lortuko da. Oinezkoen segurtasuna eta ibilgailuetako gidarien pertzepzioa areagotzeko, kautxuzko baliza eta bereizgailu islatzaileak jarriko dituzte espaloi osoan zehar. Galtzada estutuz, ibilgailuek abiadura murriztuko dutela aurreikusten da eta, hartara, oinezkoentzat seguruagoa izango da bidea.
Proiektuan aurreikusitako obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 189.875,80 eurokoa da, BEZ barne, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 114.586,71 euro finantzatuko ditu gehienez, BEZ barne, sinatuko den hitzarmenean jaso denez.
Bestalde, osoko bilkuran landutako gainontzeko gaiak ere aho batez onartu zituzten. Esaterako, kreditu aldaketa baten bidez, 90.000 euro bideratuko dira Itziarko baserri-bideetan udazkeneko lur-jauziek eragindako kalteen konpontze-lanak egitera.
Udalaren Youtubeko kanalean ikus daiteke bilkuraren bideo osoa; hemen esteka.