ELKARRIZKETA

Dasha Bondarchuk: “Aurretik entzun arren, gehiengoak ez genuen espero hau pasako zenik; lehen egunak eta bidaia izugarri gogorrak izan ziren”

Berriketan 2022ko eka. 6a, 12:37

Hainbat errefuxiatu ukrainarrek jo dute Debara beren herriko egoera zailetik ihesi, babes bila. Herriko familiek egin diete harrera eta guk horietako birengana, Arana-Aizpurua familiak hartu dituen bi familiengana, jo dugu bizitzen ari diren esperientziaren eta inpresioen berri izateko.

Natalia Mamula eta Barbara Bondarchuk lagun minak dira eta lehenengoaren alaba da Oksana Volosatova, umetan hainbat udatan familiaren etxera etorri izan dena; semea ere etorri da, Misha. Bigarrenaren alaba Dasha Bondarchuk da, ingelesez dakien bakarra eta interprete-lanetan aritu zaiguna.

Otsailaren 24aren aurretik dagoeneko eraso-arriskuaren berri bazenuten. Nola bizi zineten egoera horretan?
Dasha Bondarchuk (D.B:): Aurreko hilabetean aurkitu nuen lehenengo lana eta gainera ez nuen politika jarraitzen, beraz, ez nuen inondik inora espero. Baina amak bai jarraitzen du, eta gainera ile-apaintzailea da eta bezero askorekin hitz egiten zuen. Egia da gerra berez 2014an hasi zela, baina guretzat izoztuta zegoen eta gure eremua oso segurutzat geneukan.

Barbara Bondarchuk (B.B.): Bai, bezeroetako batzuk oso estresatuta zeuden eta beste batzuk alde eginda zeuden dagoeneko leku seguruagoetara, baina gehiengoak ez zuen uste gerra posible izango zenik ere.

Oksana Volosatova (O.V.): Ikasle batzuk oso kezkatuta zeuden baina irakasleek esaten ziguten gerra ez zela lehertuko.

Noiz, non eta nola jaso zenuten bonbardaketak hasten ziren berria?
D.B.: Ni esnatu berri nintzen eta nire amak oso garaiz jakin zuen inbasioa hasi zela, izan ere lagun bat du Kieven aireportuaren ondoan bizi dena, eta hark esan zion. Nire nagusiak galdetu zidan ea lanera joango nintzen (batzuek ez zuten egoera sinesten), baina ama oso urduri zegoen eta, mesedez, berarekin geratzeko eskatu zidan. Nik banekien egoera ez zela normala, baina, ez dakit zergatik, ez nengoen urduri eta banekien une bakoitzean egin behar zena egiteko ekimena eta indarra aterako nuela. Martxan jarri nintzen berehala, amonari deitu eta bere etxera abiatu ginen, ez delako pisu bat etxea baizik, eta gunetik aparte zegoelako; seguruagoa izango zelakoan. 2014an gerra hasi zenetik jende ugari etorri da Irpinera bizitzera lurralde okupatuetatik, eta izugarri hazi da gure herria. Egun 60.000 bat biztanle ditu. Kievetik 40 minutura dago eta oso erosoa da bizitzeko; oso ederra zen, baina orain txikituta dago.

Natalia Mamula (N.M.): Lanera nindoala anaiak deitu zidan eta asko izutu nintzen, oraindik oso gogorra egiten zait momentua gogoratzea, bi hilabete pasa diren arren.

O.V.: Ikusten nuen hainbesteko mugimendua etxean… berehala konturatu nintzen. Korrika jantzi, maleta prestatu eta berriak ikusten jarri nintzen telebista aurrean.

Nola erabaki zenuten zuen herrialdea laga eta hona etortzea?
D.B.: Ume txikiak zituztenek, oro har, alde egitea erabaki zuten. Guk ez, guk hasieran geratzea pentsatu genuen; Irpin segurutzat geneukan, armadak babestuko zuela uste genuen, zegoen lekuan egonda. Baina laster konturatu ginen Irpin Kieverako pasabide estrategikoa zela errusiarrentzat eta bigarren astean dagoeneko hasiak ziren bonbardaketak. Bonba batek gure amonaren etxearen pareko eraikina harrapatu zuen eta haren zati bat txikitu zuen, gure lagun Elena han bizi zen. Orduan jende asko mobilizatu zen bideak garbitzen, anbulantziak pasa zitezen zaurituei laguntzera. Natalia ere etorri zen laguntzera, eta berak bertako zazpi lagun eraman gintuen bere etxera, kanpoaldean zegoelako eta seguruagotzat geneukalako. Oso gau zaila izan zen han pasa genuena. Zazpi lagun geunden gela txiki batean lotan, lurrean alfonbrak, mantak eta ahal genuena botata, hotz handia egiten zuen eta bonbardaketen abisu-sirenak orduero ia… baina inguruan ez geneukan babeslekurik eta izuak jota pasa genuen gaua denok.

Ebakuazioen inguruan asko entzun genuen hedabideetan…
D.B.: Amak jakin zuen emakume eta 18 urtez beherakoak ebakuatzen ari zirela eta, bonbardaketak zirauela ikusita, Oksanak, amak eta biok alde egitea erabaki genuen. Natalia, nire amona eta Misha bertan geratu ziren momentuz egoera hobetuko zelakoan, baina azkenean kanpora joatea erabaki zuten; Igor, Nataliaren senarra han geratu behar izan zen, baina Lviven, Poloniatik hurbilago dago eta senitarteko batzuk hartu zuten etxean. Guk Poloniako muga zeharkatu eta besteei itxaron genien. Gure amonarentzat bidaia luzea izango zen hona etortzekoa, beraz, Turkian geneukan izeba batek hartu zuen etxean eta hara joan zen, baina hark ez zeukan lekurik guztiontzat; orain amonak itzuli nahi luke, baina bere etxea txikituta dago, gure etxeko leihoak hautsita eta hormak pitzatuta daude baina zutik dago behintzat. Ur eta elektrizitatearekin arazoak daude, gainera. Igor, Nataliaren senarra, itzulia da dagoeneko Irpinera laguntzera, eta bertan bizi da; seguruagoa omen da orain, baina oraindik egoera ez dela ona dio.

Nolakoa izan zen hona iritsi arteko bidaia?
D.B.: Trena hartu genuen Irpinetik Kievera eta gero beste bat Kievetik Lvivera, baina jende mordoa zegoen, denok zutik eta bigarrena zortzi orduko bidaia izan zen, haurrak negarrez uneoro, estresaz izututa… Han Nataliaren lagun baten etxean pasa genuen gaua, kotxez joan ginen mugara, eta oinez pasa. Boluntario batek eskola batera eraman gintuen eta dirua ere eman zigun bidaian laguntzeko. Han bi astez egon ginen besteen zain. Trenak ukrainarrentzat Europan doan dira eta, dirua aurrezteko, trenez abiatu ginen. Polonia, Alemania, Belgika trenean lo eginez, eta gero autobusa hartzea erabaki genuen, azkarrago jarraitzeko, nahiz eta ordaindu behar izan eta boluntarioen sarea ere galdu. Bi autobus ordaindu genituen, baina Belgikakoa berandu iritsi zen eta horregatik Pariskoa galdu genuen, eta gau bat egin behar izan genuen geltokian. Bost egun iraun zituen bidaiak orotara, eta lur jota iritsi ginen Donostiara. Eskerrak han Itziar eta Joxe Mari genituen zain. Poloniatik hona iritsi arteko bidaian boluntarioek asko lagundu gintuzten, Berlinen ezezagun batek dirua emanez ere eskaini zigun bere laguntza.

18 eta 60 urte arteko gizonak han gelditu behar izan dira. Zer kontatzen dute? Zein da orain haien egoera?
D.B.: Egoera ez da ona eta ezin dira handik atera pase berezia duten oso gutxi batzuk izan ezik, militarrak edo tratamendu bereziren bat behar dutenak… lan egin behar dute herrialdea nolabait mantentzeko.

O.V.: Lagun bat daukat bere herria errusiarrek okupatu zutenean alde egin behar izan zuena, eta ordutik ez daukat bere berririk, ez dakit ondo dagoen. Egunero gaude telefonoari erabat lotuta haien eta familiako beste kideen berri izateko. Elikagai-hornidura badago behintzat, kanpoko laguntzari esker.

Nolakoa izan da zuen egokitzapena hemen? Zein da hemen daukazuen errutina?
D.B.: Lehenengo astea oso gogorra izan zen, oso nekatuta geunden fisikoki eta psikologikoki eta lo besterik ez genuen egiten. Itziar eta Joxe Mariri oso eskertuta gaude momentu horietan beren hitz eta umorearekin beti saiatzen zirelako gure une hartako beheraldiari buelta ematen. Gure hemengo familiak izugarri lagundu digu, haiei esker ez balitz askoz gogorragoa litzateke dena. Astean zehar, bi egunetan gaztelania ikasten dugu, lau ordu guztira. Euskara, berriz, etxean ikasten dugu, Joxe Marirekin batez ere, oso pozik gaude aukera horiek izateaz. Oso eskertuta gaude, era berean, hemen gerturatu zaigun jendeari, indar handia ematen digute.

Irudikatzen baduzue… nola irudikatzen duzue itzulera? Nolakoa uste duzue izango dela egoera?
D.B.: Hemen lan bat aurkitu nahi nuke, lagun bat ere egin dut Bilbokoa eta egokitzapenarekin asko ari zait laguntzen. Noizbait itzuli nahi nuke, baina gaztea naiz eta irekita nago edozertara.

B.B.: Nahiago dut ez gehiegi planifikatu etorkizuna, irekita nago edozertara, baina denok ere herrimin handia daukagu eta ez dakigu noiz edo zer egoeratan, baina badakigu noizbait itzuliko garela.

N.M.: Nik han dut senarra eta desiratzen nago itzultzeko.

O.V.: Nik Dashak bezala pentsatzen dut, gutxi gorabehera.