Urtean zehar Lehorreko Bizitzaren gaia lantzeko hainbat ekintza egin dituzte ikastetxean. Eta, behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek udalbatzarrean aurkeztu berri dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, hiri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte: herriko ekosisteman bizidunak errespetatzea, material ezberdinen birziklapena eta berrerabilpena sustatzea, mendira egindako irteeretan zaborrik ez botatzea, espazio naturalak (ibai, laku, urmaelak…) zaindu eta errespetatzea, eta abar.
Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimagarrienak hauek lirateke: herriarentzat baratze bat jartzea, animalientzat bizitokiak jartzea, bertoko zuhaitz eta landare gehiago landatzea, eta herrian berdegune gehiago ipintzea. Gilen Garcia alkateak, Nerea Arrizabalaga Ekonomia Sustapeneko eta Landa Garapeneko zinegotziak eta Itziar Irizar alkateordeak erantzun zizkieten galderak gaztetxoei. Ekitaldia luntx batekin amaitu zen, ikasturtean zehar egindako lana eskertzeko.
Eskolako Agenda 30 Debabarrenean
Udaletxeekin elkarlanean, 20 urte daramatza Debegesak eskualdean Eskolako Agenda 30 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30, eta hiru helburu ditu: ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea; ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea; eta partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Guztira, eskualdean 25 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen programan. Hezkuntza komunitate osoari (ikasle, irakasle eta familiei) zuzendutako ekintzak antolatzen dira egitasmoaren baitan.