ELKARRIZKETA

Myriam Martin: “Niretzat liburua ariketa izan da momentuan sentitzen nuen zerbait kanporatu ahal izateko”

Berriketan 2022ko eka. 7a, 10:35

Herritarren literatur-emaria oparo dabil azkenaldian eta sortzaile horietako bat dugu Myriam Martin.

Lehendik beste alor batzuetatik ezagutzen genuen Martin, baina, orain, Viaje a Deba bere lehendabiziko liburua argitaratu du, eta hartaz hitz egiteko hitzordua egin dugu berarekin. Hona hemen solasaldiak emandakoa:

Nondik eta nora sortu zaizu Viaje a Deba liburua idazteko nahia edo beharra?
Buruan neukan beste proiektu bat ez zitzaidalako atera jaio zen liburu hau idazteko ideia. Eta barruan neukan amorrua edo espresatzeko beharrarengatik sortu zela esango nuke.

Myriam ile-apaintzailea, Myriam diseinatzailea ezagutzen genituen; Myriam idazlea orain…
Bai, nahiko polifazetikoa naiz. Hirulaneko beste kideekin egindako pelikula motzetarako gidoiak idatzi nituen, Iraganean josia eta Ipuinen mesedea kontakizunak; horretaz aparte, ez dut inoiz idazlanik egin. Baina, egia esan, esperientzia gustatu zait.

Liburuak dramatik eta intrigatik, bietatik, duela esan izan duzu. Deban kokatuta ondo girotzen dela esango zenuke?
Bai, nire asmoa Deba deskribatzea zen, baina trama baten barnean, noski. Trama edozein tokitan gertatua izan zitekeen, baina nik geure herrian kokatu nuen aipatutako asmo horregatik.

Viaje a Deba erraz irakurtzen dela esango zenuke?
Bai, oso erraz irakurtzen dela esango nuke. Batetik, motza delako, eta, bestetik, denbora gutxian gauza asko kontatzen ditudalako. Egia esan, gauzak momentuan egitea edo eskuratzea gustatzen zaion pertsona naiz, eta idazterakoan ere igartzen da hori.

Zer lortu nahiko zenuke liburuarekin zure irakurleengan?
Niretzat ariketa izan zen, momentuan sentitzen nuen zerbait kanporatu ahal izateko. Nola gelditu zen gustatu zitzaidan eta besteekin partekatu nahi izan dut, besterik ez.

Aurreneko liburua duzu hau; idazten jarraitzeko gogoz?
Ez zen nire ideia, baina pertsona askok esan dit bigarren zatia idatzi behar dudala. Istorioa irekita utzi nuen nahita, agian, idazteko gogoa etortzen bazait, jarraipena emateko aukera izateko.