Debegesako antolatzaileen esanetan, “arrakasta itzela izan du STEAM ekitaldiak eskualde mailan”. Ekainaren 3ko sari-banaketako ekitaldian, erronkan parte hartu zuten ikastetxeei sariak banatzen honakoak izan ziren: Juan Carlos Abascal Ermuko presidentea, Gilen Garcia Debako alkate eta Debegesako presidentea eta Nagore Ruiz de Escudero epaimahaikidea. Ekitaldia Eleder Magoak gidatu zuen eta sariak banatzen ziren bitartean zientzia eta teknologiarekin lotutako magia-trukoak egin zituen.
Debako Luzaro ikastetxeko LH 6ko ikasleen Konekta eta scrath proiektua izan da sarituetako bat, eta beste biak, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastolako LH 4ko ikasleen Eguzki labea eta Eibarko La Salle Azitain eskolako DBH 3ko ikasleen Lurraren higaduraren esperimentua.
Eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu We Make Debabarrena! STEAM erronkak. Erronkaren helburua ikasle eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntza balioestea da.
Aurten, bi irizpide erabili dira irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izan du azken puntuazioan. Alde batetik, bideoen ikustaldiak kontabilizatu dira, eta, bestetik, epaimahai batek hautatu ditu kategoria bakoitzean irabazleak, irizpide zehatz batzuk kontuan hartuta. Epaimahai hori BPTDrekin (BASQUE PRECISION TECHNOLOTY DISTRICT) lotutako sei erakunde eta enpresatako pertsonek osatzen dute.
Guztira 18 esperimentu aurkeztu dira, eskualdeko zortzi ikastetxeetan eginak; honako hauetan: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta Eibarko La Salle Azitain eskola.
Ekitaldiko argazki-galeria HEMEN ikusgai.