Hamahiru etapaz osatutako ibilbidea joan den ekainaren 13an hasi zen Donostian eta hiriburu berean bukatuko da bihar, larunbata, hilak 25. Hain zuzen ere, bigarren etapan iritsi zen martxa Debara, eta “Pentsio, bizitza, zaintza duinaren alde” zioen pankarta batekin egin zioten harrera Lorea tabernaren parean arratsaldean. Ondoren, herriko kaleak zeharkatu eta Plaza Zaharrean egin zuten ekitaldia.
Euskal Herriko eta Deba-Itziarko pentsiodunek ekimen ibiltariaren azken etaparen amaieran egingo den elkarretaratzean parte hartzera dei egin diete herritarrei; bihar, ekainak 25, izango da, Donostiako Alderdi Ederren, 12:00etan. Debatik trenez joango dira hitzordura.