ELKARRIZKETA

Maddi Astigarraga zientzia-ilustratzailea: “Emakume zientzialariek egindako ekarpenari aitortza egin nahi izan diot”

Berriketan 2022ko eka. 29a, 09:11

Biomedikuntza ikasketak eta bere betiko afizioa, marrazketa, batzen dituen masterra egiten dabil Maddi Astigarraga (Deba, 1997). Oraintsu, ilustrazio zientifikoaren alorrean garrantzi handia duen saria bereganatu berri du Jot Down lehiaketan, Ikusezina irudiari esker. Gainera, martxoan, Illustraciencia nazioarteko sariketan ere finalista suertatu zen.

Zientzia eta emakumearen arteko hariaz jardun gara berarekin solasean, haren ikusezintasunaz eta ikusarazteko beharraz; ilustrazioak horretarako ematen duen aukeraz, bere ibilbide pertsonalaz eta bestelakoez…

Jot Down zientzia alorreko lehiaketan ilustrazio modalitatean lehenengo saria atera duzu. Pozik, ezta?
Oso pozik! Lehiaketan parte hartu nuenean ez nuen esperantza handirik eta oraindik sinetsi ezinda nabil.

Zure ilustrazioak Ikusezina du izena. Zer egin nahi izan duzu ikusgarri?
Lehiaketaren gaia Ikusezina izanik, zientziaren atzean ezkutuan geratu diren emakume zientzialariak ikusarazi nahi izan ditut (begiratu ez ezik, jendeak bertan daudela ere garbi ikusteko), baita zientzialari horiek gizarteari eginiko ekarpena islatu ere.

Izan ere, ikusezintasuna ez da beti objektu edo pertsonen berezko ezaugarri. Emakume zientzialarien kasuan, ikusezin egin dituzte, eta egun hala diraute.

Irudian, gizartearentzat ordura arte ikusezina zena ikusgarri egin zuten hiru emakume ilustratu nahi izan ditut, euren existentzia aldarrikatuz eta eginiko ekarpenei garrantzia emanez.

Zure ilustrazioan hiru emakumezko ageri dira, hortaz. Bada, zeintzuk dira?
Ezkerretik eskubira, lehenengoak, Cecilia Payne-Gaposchkin-ek, astronomialaria, izarren osaera deskubritu zuen, batez ere helio eta hidrogenoz osatuak daudela esanez. Bigarrenak, Inge Lehmann-ek, sismologo-lanetan lurraren barne eta kanpo-nukleoa bereizten dituen etenunea identifikatu zuen, egun “Lehmann-etenune” bezala ezaguna. Eta hirugarrenak, Rosalind Franklin-ek, X izpien difrakzioaren bidez DNAren lehen irudia lortu zuen. DNAren egitura zehazteko balio izan zuen irudi horrek.

Ikusezina, Jot Down lehiaketan lehen saria irabazi duen lana.

Ikur zientifikoak, begi lausoak hondoan… Zer iradokitzen dute?
Emakumeen erretratuak arreta deitzeko moduan marrazten saiatu naiz: emakume hauek, begiratu ez ezik, ikusteko ere deia egiten dute begi lausoek. Sinboloen bitartez, zientziari egindako ekarpenari aitortza egin nahi izan diot; horregatik, ikerlariek, bakoitzak bere esparrutik, zientziari eginiko ekarpenak txertatu ditut, ezagutarazteko.

Hala, Rosalindek X izpien difrakzioa delako metodologiaren bidez lorturiko DNAren irudia du masailean. Aldiz, Ingeri, sismografoak erabiltzen zituenez, txaketatik sismografo bat ateratzen zaio eta gainera inguruan dituen sismograma eta zirkuluak berak marraztutakoetan oinarrituak dira. Azkenik, izarren konposizioa deskubritu zuenez, Cecilia izarrez eta eguzkiz inguratua marraztu dut.

Zientzian emakumea ez da ikusgarri izan historikoki. Eta hala dirau antza… Kopurutan eta lanaren onarpen edo eskubideetan ez al da aurreratu?
Datuek diotenez, zientzialari hauen ekarpenak, garrantzi handikoak izan arren, ez euren momentuan ez oraindik ez dira behar beste aitortu. Eta aurkikuntzak burutu dituzten emakume zientzialariak ez dira ezagunak izan. Oraindik lan handia dago egiteko berdintasunera bidean eta, beraz, emakume hauek nahiz egun lanean dihardutenak ikusaraztea eta ezagutaraztea garrantzitsua da.

"Aurkikuntza garrantzitsuak egindako emakume zientzialariak ez dira ezagunak izan, eta oraindik ere ez dira"

Noiztik duzu marrazteko afizioa?
Betidanik! Ama Plastikako irakaslea izanda, etxean material asko egon izan da beti, eta nik kuxkuxeatzeko gogoa ugari! Baina marrazteko afizioa 13 urtetik aurrera landu nuen bereziki, izeba Begoñak akuarela kaxatxo bat oparitzean.

Biomedikuntza ikasi zenuen lehendabizi. Nondik sortu zitzaizun ilustrazio zientifikoa ikasteari ekiteko nahia?
Biomedikuntza gustura ikasi nuen arren, ez nuen nire burua arlo horretako lanetan ikusten. Karrerako 3. urtean nengoela ilustrazio zientifikoa deskubritu nuen, eta hortxe ikusi nuen nire ikasketak eta afizioa uztartzeko lekua. Ez zen betidanik buruan izandako zerbait, baina ilustrazio zientifikoaren inguruan zenbat eta gehiago informatu, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan ilustratzaile zientifikoaren bizitza. Eta ahal bezain laster ilustrazio zientifikoko masterrean sartzeko lanean hasi nintzen.

Lanbide hori duen jende askorik ez dugu ezagutzen… Bizibidea atera al daiteke jardun horretatik?
Neuk ere ez, egia esan; lanbidea bera ez da oso ezaguna eta horretara dedikatzen direnak ere ez dira gehiegi. Espero ba bizibidea ateratzea!

Zein da ilustrazio zientifikoaren aplikaziogune nagusia?
Ilustrazio zientifikoa zientzia komunikatzeko beste tresna bat da. Modu bisualean informazioa transmititzen duenez gero, erabilera ugari izan ditzake. Zientzialarien arteko komunikazioan lagundu dezake, aurkikuntza eta ikerketen emaitzak komunikatzeko, baita dibulgaziorako ere. Museoetan, eskolako testuliburuetan, gidetan, hondartzako eta flyscheko paseoetako kartel informatiboetan aurki daiteke, besteak beste.

Illustraciencia sarietan (Zientzia eta Naturako Ilustrazioen Nazioarteko Sariketa) finalista izan zinen. Zer ondorio izan ditu zuretzat?
Hasteko, nire lanaren aitortza. Etxean, bakarka lan handia egin behar da eta halakoek jarraitzeko motibazio izugarria ematen dute. Finalisten ilustrazioekin erakusketa bat egiteko asmoa dute.

Gaur egun, ilustrazio zientifikoak egiteaz gain, bestelako marrazkiak ere egiten al dituzu? Gai kuttunik bai?
Denbora dudanean bai, azkenaldian gutxi… Gai kuttunik? Ez nuke esango. Hain justu, ilustrazio zientifikoaren abantaila bat da proiektu bakoitzarekin gai ezberdin bat jorratzeko aukera izatea, eta alde horrek asko erakartzen nau. Horrek zenbait teknika probatzeko aukera eskaintzen du, eta alde sortzailea proiektu ororekin lantzeko aukera.

Zein teknika eta material edo lan-tresna erabiltzen dituzu marrazkiak egiteko?
Egia esan denetarik. Asko gustatzen zait hainbat material eta teknikarekin esperimentatzea. Egia da orain arte erosoago sentitu naizela teknika tradizionalekin, grafito, akuarela eta koloretako arkatzekin. Azkenaldian, berriz, ilustrazio digitalak liluratu izan nau, teknika horrek prozesua asko azkartzen du eta “control+z” zapalduz akatsak borratzeko aukera izatea zoragarria da.

Zer gustatuko litzaizuke ilustratzea?
Denetarik! Egia esan, burutazio ugari etortzen zaizkit, baina altu amesten hasita National Geographic-entzat ez bada, zientzia-dibulgazio aldizkariren baterako marrazkiak egin nahi nituzke. National Geographic-eko irakasle bat izan genuen eta bere lanaren aurkezpenaren ostean garbi ikusi nuen, “ilustratzaile zientifikoa izan nahi dut!”. Berriketan-en ilustraziorik behar izanez gero ere ni prest! Kar-kar. Dibulgazio-lanak motibatzen nau gehien, informazioa ulertu eta irudi bidez modu ulergarrian komunikatzeak.

Zer ekarpen egiten du ilustrazio zientifikoak gizarte mailan? Zer nabarmenduko zenuke?
Ilustrazioaren bidea oso polita da eta irudien bidez gauza asko transmititu eta erakutsi daiteke. Funtzio ugari izan ditzake, gizarteak ezkutatu dituen emakume zientzialariak azaleratzea, kasu. Esango nuke ilustrazio zientifikoak zenbait ikusezin ikusarazteko aukera ematen duela; garrantzitsua da, beraz, ilustrazio zientifikoa bera ere ikusaraztea, aukera ugari dakartzalako.