Debadezine elkarteko Patxi Lopezek eta Iñigo Loiolak laburbildutakoaren arabera, aurtengo egitaraua prestatzerakoan hainbat gairi buruzko filmak aukeratzen saiatu dira Udako Zinemaren antolatzaileak, betiere “ikusleen gehiengoarentzat” gustukoak izan daitezkeen lanak hautatuz.
Urte osoko dinamika duen taldea da Debadezine, baina udako proiekzioek berritasunik ere badakarte. “Filmak aire zabalean proiektatuko ditugu, eguraldiak laguntzen baldin badu behintzat; hori izango da nobedade nagusia, urteko gainontzeko emanaldiekin alderatuta, eta horrek giro eta sentsazio desberdinak sortzen laguntzen du gutako bakoitzean”, azaldu dute Lopezek eta Loiolak.
Desberdinak dira aukeratutako filmak. Igande gauean, “Benito Zambranoren sentsibilitateari protagonismoa ematen hasiko gara, kasu honetan emakumeen mundua eta giza harremanak jorratzen, Pan de limón con semillas de amapola lan liluragarriarekin”.
Aitor Oñederrak hautatutako euskarazko laburmetraien bilduma bati beste saio oso bat eskainiko diote uztailaren 14an: Dar Dar (Paul Urkijo), Berak baleki (Aitor Gametxo), Heltzear (Mikel Gurrea) eta Trumoiak (Iker Maguregi).
Bestalde, uztailaren 24an, Última noche en el Soho filmak “Londresko auzo famatura eramango gaitu, suspensez eta beldurrez betetako gau batean”. Eta, azkenik, hilaren 28an, Delicioso filmak Frantziako Iraultzaren aurreko uneak erakutsiko dizkie ikusleei, munduko lehen jatetxearen sorrerari buruzko komedia batean.
Gure Giroren baitan antolatutako ekitaldi guztiak ikusteko sakatu hemen.