Uztaileko ostiral gauetan izango dira emanaldiak, 22:00etan guztiak ere, eta, kokalekuari dagokionez, aurreko bi urteetan osasun-egoerak hala behartuta beste gune batzuetan egin bazen ere, jatorrizko lekura itzuliko da, hau da, Plaza Zaharreko iturri ondora.
Bederatzigarren edizioa du aurtengo hau, eta hainbat diziplinatako saioak izango dira ikusgai: bertsolaritza, literatura, antzerkia, dantza eta musika.
Aritz Larrañaga kultura zinegotziak azaldu bezala, “aurtengoan gazteen sorkuntzari eta emakumeei leku berezia eman nahi izan diegu”. Amaia Zinkunegi euskara teknikariaren esanetan, berriz, “aprobetxatu dugu herrian daukagun ondarea, orain arte deskubritu gabe daukaguna argitara emateko”.
Gaur gauean Tene Mujika gogoan hartuta egingo den Tene Mujika eta bere belaunaldiko emakume ekintzaileak izenburuko bertso-saioarekin emango zaio hasiera egitarauari. Izan ere, Debako Udala hainbat ekimen egiten ari da Mujikaren irudia lantzeko, hura hil zeneko 40. urteurrenean. Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal arituko dira bertsotan, Amaia Agirre gai-jartzailearen esanetara –Araitz Bizkai eta Gari Otamendi musikariak izango dituzte aldamenean saioan–.
Hurrengo ostiralean, ekainaren 8koan, Begiradak ikuskizuna eskainiko da, herritarren ekimenez aurrera ateratzen den ekitaldia, ikus-entzunezkoak, literatura eta musika uztartuz. Iturri Ondoan-en eskutik, betiko moduan, bederatzigarrenez datorkigu aurten ikuskizuna, irudi bakoitzaren gainean pausatutako zenbait herritarren begirada desberdinak plazaratzera. Herriko 11 irudigilek eta 13 idazlek hartuko dute parte aurtengo saioan.
Dantzak hartuko du iturri ondoa genEroa ikuskizunarekin, uztailaren 15ean. Kimua dantza kolektiboko sei dantzari eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazlea izango dira taula gainean, “genero-ikuspegiaren inguruko lanketa, originala bezain berritzailea” eskainiz.
Ekainaren 22an, berriz, musika-kontzertua eskainiko du Habi osatzen duen bikoteak. Post-rock, grunge, stoner eta pop melodiak nahasten ditu 2018an sortutako taldeak.
Ekimenei amaiera emateko, ekainaren 29an, antzerkia izango da protagonista. Album lanarekin gazteak datozkigu oholtza gainera gazteez mintzatzera, hots, beren buruez; gazteentzako zein helduentzako Formol Laborategiak sortutako antzezlana aurkeztuko dute.
Aritz Larrañagak, halaber, ekimenaren izaera herritarra nabarmendu du: “Iturri Ondoan herritarrek egiten dute, bai haien kultur ekarpenekin, eta baita ikus-entzule moduan parte hartzen ere. Debako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei eta aurten ere parte hartzera gonbidatu”.