ELKARRIZKETA

Cristina Lahore: “Diseinu munduari dagokionez, Italia leku perfektua dela esango nuke”

Berriketan 2022ko uzt. 7a, 09:19

Barne-diseinu ikasketak Gasteizen egin ondoren, Erasmusak Italiara eraman zuen Cristina Lahore orain bost urte. Bertan bizi da gaur egun, Brescia herrian, Milanetik ez oso hurrun, eta argiztapen-diseinatzaile lanetan dihardu. 25 urte ditu, eta hamaika afizio; horien artean, bidaiatzea du gustukoen: “Orain dela gutxi deskubritu dudan afizioa da. Betidanik gustatu izan zait, baina azken bost urteotan aukera asko izan ditut Erasmusari esker”. Ez da damu Italiara joateko erabakia hartu izanaz. Handik erantzun die Berriketan-en galderei.

Non zaude gaur egun? Zer nolatan?
Orain dela bost urte Brescia izeneko hiri batean egin nuen Erasmusa. Milanetik 45 minutura dagoen hiri bat da Brescia, Donostia baino pixka bat handiagoa, eta aukera asko dituen helmuga da; Dolomitak eta Italiako laku handienak gertu dauzkan leku berezi bihurtu da niretzako. Erasmusa bukatu eta ikasketetako praktikak hemen egitea erabaki nuen; eta, esperientzia horri esker, hainbat lan aukera izan ditut.

Zerk eraman zintuen horra? Zergatik Italia zehazki?
Diseinu munduari dagokionean, Italia helmuga onena zela iruditu zitzaidan. Nire lagun onenetariko bat asko tematu zen eta, ondorioz, onartzea erabaki nuen. Egia esan, ez nekien halako esperientzia bat bizitzeko prest ote nengoen, baina gaur egun nire bizitzan hartutako erabaki onena dela iruditzen zait.

Zertan zabiltza orain?
Hainbat estudiotan lan egin ondoren, argiztapen-diseinatzaile bezala ari naiz lanean, mundu mailan garrantzitsua den enpresa batean.

Espero zenuen bezalakoa da guztia? Zerk harritu zintuen?
Ez nuen inoiz pentsatuko nire bizitza beste herrialde batean egin ahal izango nuenik. Beti gustatu izan zait bidaiatzea, baina ez nuen inoiz irudikatu beste leku batean bizitza berri bat hasi eta bizi-proiektu berri bat sortzea. Beste leku batean zerotik hasteko izan dudan gaitasuna da harritu nauen lehenengo gauza; ez da erraza, baina esperientzia bizi eta gero, bizi beharreko esperientzia bat dela uste dut, pertsona moduan gauza askoz konturatzen zarelako, zure mugak non dauden ikusi eta munduaren aurrean zu bakarrik egonda erabakitzeko gaitasuna garatzen duzulako.

Bestalde, hiri edo herrialde bezala, leku guztietan gertatzen den moduan, hemen denetarik dago, baina mugarik gabeko herrialdea dela iruditzen zait. Diseinu-mundurako leku perfektua dela esango nuke, lan-aukera interesgarriak daudelako; eta, maila pertsonalean, besteek pentsatzen dutenak axola gabe bizitzeko aukera dagoelako.

Zure egunerokoan euskarak zein leku du?
Oso txikia, egia esan. Bost urte hauetan hemengo lagunak egin ditut eta denak dira bertakoak. Beraz, italiera da orain erabiltzen dudan hizkuntza bakarra.

Bertako hizkuntzarik ba al dago hor? Hizkuntza txikirik edo?
Hizkuntza bakarra italiera da, baina Euskal Herrian bezalaxe, dialekto edo hizkera desberdinak existitzen dira. Ez da gauza erraza horiek ere ikastea, baina horretan gaude!

Zer eramango zenuke horra Debatik? Eta zer ekarriko?
Seguruenik Bresciara, pentsatu gabe, familia eta lagunak ekarriko nituzke, eta Debara… hemen bizitako esperientzia, ikasitako guztia eta mutil-laguna eramango nituzke.

Debara bizitzera bueltatuko zarela uste duzu?
Ez zait gustatzen horretan pentsatzea, Deba asko botatzen dut faltan eta ziur nago etxera itzuli beharko banintz Brescian nire zatitxo bat lagako nukeela. Beraz, nahiago dut egunez egun bizi eta gertatu behar dena gerta dadila.

LABURREAN

  • Paisaia bat: Kontxakoa, Donostian.
  • Usain bat: gurasoen etxeko usaina, Debako usaina, familiaren usaina.
  • Zapore edo jaki bat: amamaren sukaldekoak, bereziki makarroiak.
  • Gustuko dut… lagun artean barre egitea, udarako afariak.
  • Ez dut gustuko… errespeturik gabeko jendea.
  • Amets bat: nire helburu profesional guztiak betetzea eta nire inguruko denak ondo egotea.