Kimua dantza kolektiboko sei dantzari eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazlea izango dira taula gainean bihar gauean. Euskal dantza tradizionalak oinarri hartuz, dantza diziplina ezberdinen (garaikidea, klasikoa eta abar) ukitua duten koreografiak interpretatuko dituzte. Musikak, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off-eko ahotsek, trantsizioek zein hainbat baliabide materialek osatuko dute ikuskizuna.
Gorputzaren mugimenduek gidatuta, hartzen ditugun rolak eta ezartzen dizkigutenak hautemateko parada izango du ikusleak, taldekideen esanetan; “benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Eta zu, ausartuko zara lehen dantza-pausoa ematera? Loturak puskatzera? Benetan aske izatera?”.
Datorren asteko ostiralean, hilaren 22an, musika kontzertua eskainiko du Habi osatzen duen bikoteak, Iturri Ondoan ekimenaren baitan.