Emakumeak protagonista dituzten istorio eta irakurketek osatzen dute Otsandreak korrika; “jakin badakizkigun baina batzuetan ezkutatzen ditugun gaiei buruzkoa da: heriotzaz, amatasunaz, konplizitateez, sexualitateaz, arriskuak hartzeaz” dihardu, Amaia Zinkunegik azaldu duenez. 16 urtetik gorakoei zuzendutako kontaketa izango da (50 minutukoa).
Zergatik animatuko zenuke jendea bertaratzera?
Alde batetik, planteatzen diren gai horiei buruz entzutea interesantea dela iruditzen zaidalako; eta bestetik, pentsatzen dudalako, jendeak tarte goxo bat pasako duela eta gozatuko duela kontaketarekin; irribarreren bat ere aterako zaio momenturen batean, seguru asko. Gainera, dena begietatik sartzen zaigun garai hauetan, ederra da zaratarik gabeko entzuketaz gozatu ahal izatea eta norberak, kontakizunean zehar, irudi propioak sortzea: protagonistak imajinatzea, paisaiak irudikatzea, egoerak koloreztatzea…
