Camille Extreme mendi-lasterketako emakumezkoen lehenengo postuaren sariak Irene Sarrionandia izena izango du. Nola hartu zenuen berria?
Ezusteko galanta hartu nuen. Sekula burutik pasatuko ez zitzaidana! Ez zaizkit horrelako paperak atsegin. Nik nahiago izango nuen lore-sorta bat oparitu balidate, adibidez.
Duela 4o urte hasi zinen mendian korrika. Nolatan hasi zinen, bada?
Errepidean, kotxe tartean, zoru gogorra zapaltzen pixka bat aspertuta… Andutzera begiratu eta… “zergatik ez?” galdetu neure buruari eta ekin nion modalitate berriari. Berez-berez atera zen, ahaleginik egin gabe.
Garai hartan eta orain agian desberdin biziko duzu mendia…
Ez, ez. Orduan gustuko nuena orain ere badut. Zailtasunaren, luzeraren, edo terrenoaren aldetik denak jarraitzen du antzera. Denbora pixka bat gehiago eman eta kitto! Urteak pasatu ahala gero eta ezagutza gehiago dut mendiei buruz, hori da aldea.
Zure ibilbidea ikusita badirudi bi langa gutxienez gainditu dituzula: bata generoarena; adinarena bestea…
Ez dira gainditzeko hain zailak izan. Generoarenak lan pixka bat eman zidan, mendian emakumea bakarrik ibiltzen ikustea ez zelako batere arrunta. Lehenengo irteera txikitxoak, gero lotsa galtzen zoaz eta, azkenik, mugarik gabe mugitzen ikasten duzu.
Adinarenak ez dit lanik eman, berez, konturatu eta abisatu gabe, etorri delako.
Mikel Peña Sarrionandiak egindako Aurrera zuri buruzko dokumentalean, pasatako minbizia aipatu zenuen…
Oso arin pasa nuen. Dena ondo joan zen eta laster bizimodu normala ari nintzen egiten. Urte horretan ere egin nituen lasterketarik kuttunenak!
Zegama-Aizkorri, Camille Extreme, Gorbeia Suzien… edizio mordotan hartu duzu parte. Bat aukeratzekotan?
Aukeratzea zaila egiten zait. Batzuk gogoko ditut parajearengatik, beste batzuk ematen dizuten hurbiltasun eta konfiantzagatik, edo mendi nagusiaren altueragatik…
Behin Baigorrin 67 km-ko lasterketa bat egin nuen benetan oroitzapen onak utzi zizkidana. Sara Korrika ere bai. Canfrancekoa, Tenakoa, Aizkorrikoa… eta zer esanik ez, Camille Extreme!
Eta entrenamenduak egiteko ba al duzu inguruan leku kuttunik?
Etxe inguruan dauzkagun lekuen artean eguraldiaren arabera egiten dut aukera; euri asko egin badu lokatz gutxien dagoena, bero badago itzala duena… eta pixka bat etxetik aldenduz gero, Arantzazu edo Larraitz inguruak ere asko gustatzen zaizkit. Noizbehinka, Pirinioetara joatean, are eta gusturago aritzen naiz oraindik!
Igon Mancisidorrek Berriketan-i emandako elkarrizketan aipatzen zuen burua, motibazioa, esperientzia eta arazoei aurre egiteko gaitasuna lasterketak bukatzeko ekuazioan % 60 zela…
Ez du arrazoi faltarik! Lehenengo puntua izango litzateke buruarena: zuk nahi izan behar duzu. Orduan, buruan hori garbi edukita, behar diren urratsak emango dituzu…
Elikadura asko zaintzen duzu, ezta?
Saiatzen naiz behintzat. Azkenaldi honetan aldaketa nabarmena egin dut: zerealak eta lekaleak utzi eta proteina eta koipeak gehitu. Ikusiko dugu, ea nabaritzen den…
Mendira bakarrik joateak beldurra ematen dio askori. Bizitza erdia baino gehiago daramazu zuk horretan… Izan al duzu esperientzia gogorrik? Ala pasadizorik?
Noizbehinka sustoren bat eman izan dit txori edo beste animaliaren batek, berak ere sustoa hartu eta ihesari eman diolako… Behin, Covadongatik lakuetarako mendi-bidean mastin handi bat irten zitzaidan eta pixka bat urduritu nintzen, baina ibilbidea pixka bat inguratu eta ez zen ezertxo ere gertatu. Beste behin, Arbildik behera txakur batek hortzaka egin zidan… beste munduko gauzarik ez!
Andorran, berriz, hartz bat ikusi nuen ezpel artean ezkutatzen. Ni Coma de Varillesera igotzen nindoan, ertzera irteteko gutxi falta zitzaidan, eta goitik behera erabat izututa gizonezko bat zetorren tximistaren pare “hartza, hartza!” oihuka, eskuaz norabide bat seinalatuz. Telefonoa atera (argazkirako agian) eta ertzaren beste aldera pasa nintzen, eta han non ikusten dudan hartza ezkutatzen!
Beldur gehiago eman beharko lidake errepideak! Duela hiru urte auto batek harrapatu ninduen bizikletan nindoala eta pelbisa apurtu! Baina ez dit beldurrik ematen, ez naizelako ezertaz gogoratzen…
Beste askok sufrimenduarekin lotzen du mendia…
Oreka aurkitu beharra dago, nire ustez. Aldapan gora eta lehian bazoaz sufritu beharra ukaezina dela esango nuke. Ikusten baduzu merezi izan duela lortu duzu oreka hori. Gero, beherantz zoazenean, beste sentipen batzuk nabaritzen dituzu, erlaxatzen zara… eta bukatzerakoan poza da nagusi. Lortu izanaren bizipoza!
Zeure gorputza entzuteko ahalmena ere ondotxo garatua izango duzu, ziurrenik, honezkero…
Tira, baietz esan beharko. Errazenera jotzeko ahaleginak egiten dizkit askotan, eta buruak orduan bere estrategiak erabiliko ditu planarekin aurrera jarraitzeko.
Zer ematen dizula esango zenuke mendian saltaka ibiltzeak?
Ariketa fisikoa egiteak ematen duen indarra, burua arindu eta bizipoza nabaritzea, sakon arnastu eta norbera ere naturarekin bat dela sentitzea… baita nekea, eskuetako hotza eta horrelakoak ere, nola ez!
Mendian lasterka hasi aurretik ere mendizale zintugun. Ordutik mendizaletasuna aldatu egin dela esango zenuke?
Ez gehiegi, baina bai. Alde batetik, orain askoz errazago mugitzen gara; hegazkina hartu eta bidaia luzeak egin ditzakegu, autoz ere di-da batean Pirinioetan koka gaitezke…
Beste aldetik, mendizaleak lehen gizonezkoak ziren gehienak, ondoren neska gazteak gehituz zihoazela ikusi nuen, eta, orain, gero eta berdintsuago gaudela esango nuke genero kontuan.
Eta hirugarren aldaketa bat ere aipatuko nuke: modalitate gehiago egiten dira, eta zailtasun maila eta arriskuak ere handitu egin dira.
Jubilatuta egon arren, jakin badakigu aspertzeko tarte handirik ez duzula izaten; ortuan ere aritzen zara, adibidez…
Bai, eta horrek ere bere denbora eramaten du. Etxeko lanak bezala da: ez dira behin ere bukatzen. Halako batean nahikoa dela esan eta utzi egin behar duzu. Gainera, ortua oso ondo datorkit naturan gehiago egoteko, oinutsik ibiltzeko, eta, noski, barazki batzuk ekoizteko.
Ondo azaldu duzu garaiak nola aldatu diren. Ane alabarekin ibiltzen zara, besteak beste, tarteka korrika. Zerbait esango al zenioke honetan hasiberri den emakumeari?
Gauza askorik ez. Bakoitzak badaki zer duen atsegin, zerk betetzen duen… Zer edo zer aipatzekotan, esango nioke ez edukitzeko beldurrik jarduera berriei, eta gero erabaki!