Azken urteotan ohiko bihurtu da uda sasoian arte-erakusketa bat ikusgai izatea elizako klaustroan; baina, badu berezitasunik aurtengoak. Izan ere, Debako Udalak, Arte Eskola Bizirik taldearekin elkarlanean, lehiaketa bat antolatu zuen udaberrian artista bisual berrien lana sustatzeko eta zabaltzeko helburuarekin; eta, lehiaketa horren lehenbiziko emaitza edo fruitua da, hain justu, Ohiko lekuak erakusketa.
Hori hala, lehiaketako irabazle Sara Berasaluce eta Yone Estivariz artisten lanekin atonduta ageri da klaustroa asteotan. Tamaina ezberdineko hamaika argazki biltzen ditu erakusketak; hormetan ez ezik, sabaitik zintzilik ere ageri dira horietako zenbait. Sortzaileen esanetan, “bizi izandakoaren eta ahaztutakoaren eremuan, oroitzapenak agertzen diren iruditeria bat eraikitzen da; autobiografiak lotzen dituen memoriaren bidea marrazten duen mapa bat bailitzan. Irudiak familia-espazioen ingurukoak dira, erabat desberdinak eta, hala ere, modu aztoragarri batean antzekoak. Begirada hautsia, bizitza osoko oroitzapenak dituena”.
“Toki bera, leku desberdina”
Erakusketa “toki bera, leku desberdina” kontzeptua mahai-gaineratzera dator, edozeinen erretinan gordetako oroitzapenekin lotu ahalko litzatekeen ideia, alegia. “Leku horiek gure oroimenean daude, bai argazkiak aurkezteko moduan, bai nukleo beretik eraikitako imajinarioa sortzean”; hausnarketa horren ondoren sortu da, egileen arabera, “subkontzientean murgiltzeko errituak” partekatzen dituzten bi argazkilari gazte hauen arteko topaketa.
Uztaileko lehen asteburuan inauguratu zen erakusketa, bi sortzaile gasteiztarrak bertan zeudela. Besteren artean, Aritz Larrañaga Kultura zinegotzia eta Arte Eskola Bizirik taldeko zenbait kide –Ana Zabaleta eta Baroja Collet, kasu– ere izan ziren ekitaldian, eta haien eskutik jaso zuten artistek Willy Berasaluzek egindako oroigarri bana (lehiaketan nagusitu izanagatik).
Euren lana jendaurrean aurkezteko aukera dela eta, pozarren agertu ziren Berasaluce eta Estivariz ekitaldian. Saria jaso ondoren, erakusketan bildutako lanen xehetasunez eta euren obraren esanahiaz jardun ziren, besteak beste, inauguraziora bertaratutako herritarrekin.
Ohiko lekuak abuztuaren 31ra arte egongo da ikusgai. Eliza egunero egoten da zabalik 10:00etatik 13:00etara, eta erakusketa zabalik dagoen bitartean arratsaldez ere irekiko dute udaran: asteartetik larunbatera 17:00etatik 19:00etara bitartean, eta igandeetan 17:00etatik 20:00etara.