Garaipenak pilatzen jarraitzen du Amagoia Arrietak. Uztailean Portugalgo Povoa de Varzim hirian lehiatutako Bocciako Munduko Kopan zilarrezko domina konkistatu ondoren, podiumaren gorenera igo da orain Erromako World Boccia Challenger nazioarteko txapelketan. Espainiar selekzioko arduradunak pozik agertu dira domina berriarekin. Azpimarratu dutenez, Espainiako selekzioak azken 15 urteotan lortutako lehen urrezko domina izan da. “Jose Vaquerizok Rio de Janeiroko Munduko Txapelketan irabazi zuen azken urrezko domina, 2006an”.
BC1 kategorian lehiatu den Debako bizilagunak txapelketa borobila egin du. Zehazki, partida guztiak irabazi ditu. Bi garaipenekin ekin zion txapelketari: lehen partidan, 8-1 irabazi zuen Hong Kongeko Mei Yee Leung-en aurka eta, bigarrenean, 7-2 nagusitu zen Aurelie Aubert frantziarraren aurka. Finalerdietan, Satanan Phromsiri thailandiarrari gailendu zitzaion berdinketa hausteko azken jokaldian (2-2).
Andresa Vitoria de Oliveira brasildarraren aurka jokatutako finalean ere nagusi izan zen. Lehen zatia aurretik hasi zuen, baina hurrengo bietan aurkariak markagailua iraultzea lortu zuen, 1-2 aurretik jarriz. Partida laugarren eta azken zatian erabaki zen. Arrietak estrategian asmatu, eta markagailua iraultzea lortu zuen azken jaurtiketari esker; 3-2 irabazita, garaipena eta urrea eskuratu zituen.
Arrietak bi hamarkada baino gehiago daramatza boccia praktikatzen, eta Erromakoa bere kirol ibilbidean lortu duen seigarren domina izan da. Azken hilabeteotan pilatu dituen garaipenei esker, Paris 2024rako bideari modu paregabean jarraitzen dio, eta mundu mailako sailkapenean lehen hiru onenen artean kokatu da.