Udako atsedenaldiaren ostean, urriaren 3rako antolatu dute ikasturte berriko lehenengo saioa, eta Ainhoa Aldazabalen gidaritzapean, Andrea Abreu-ren Panza de burro (Barrett, 2020) liburuari buruz hitz egiteko batuko dira irakurzaleak.
Antolatu duten hurrengo irakurraldiaren berri ere eman dute; urriaren 26an Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa, 2021) liburua hartuko dute hizpide, Asier Serranok dinamizatutako saioan. Saio biak, ohi modura, 19:00etatik 20:30era egingo dituzte, Ostolaza udal liburutegian.
Egitasmoa irakurtzeko zaletasuna duen edonori dago zabalik, eta gogorarazi dute landuko den liburua norberak ekarri beharko duela. Saioak 16 urtetik gorakoentzat daude gomendatuta, eta bertan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako hiru bide jarri dituzte: udal liburutegira bertaratuta, 943 19 25 60 edo 697 444 074 telefono zenbakietara deituta edo ostolaza@deba.eus posta elektronikora idatzita.