2017ko azaroaren 11n estreinatu zen Martin Zalakain Argia dantzari taldearen ikuskizuna, Bilboko Arriaga antzokian. Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako dantza eta antzerki lana da, Artedrama arte eszenikoen plataformarekin elkarlanean sortua.
Pandemiak behartutako bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da ikuskizuna euskal geografiako agertokietan. Deban, larunbatean (urriak 1) izango da ikusgai emanaldia, kiroldegian, 22:00etan. Sarrerak turismo bulegoan eros daitezke aurrez, 15 euroan, eta kiroldegian ere izango dira salgai emanaldiaren egunean bertan, 18 euroan.
Pio Barojaren Zalakain abenturazalea eleberri klasikoan oinarritu da Urbeltz bere ikuskizunaren argumentua lantzeko. Narrazio dramatikoa duen dantza ikuskizuna da, eta zuzeneko narrazio hori Josu Camara aktoreak egiten du, On Pio Barojaren paperean sartuta. Harkaitz Cano idazleak ondu du gidoia, Barojaren eleberriko zenbait pasarte egokituta, eta bertan kontatzen diren abentura, gatazka eta gertaerak dantzariek irudikatzen dituzte.
Oholtzan, Josu Camara aktorearekin batera, hogei bat musikarik eta 80 dantzarik baino gehiagok parte hartuko dute. Donostiako Argia taldeko dantzariez gain, Kezka (Eibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Biarritz), Elai-Alai (Portugalete), Haritz E.D.T. (Elgoibar), eta Arkaitz (Añorga) dantza taldeetako dantzariekin batera, Gure Kai E.D.T.ko hiru dantzarik parte hartzen dute Martin Zalakain ikuskizunean: Amaia Ajuriagoikoak, Igor Barojak eta Iera Larrañagak.
Oholtzara irteteko “gogo handiz”. Ikuskizuna hamabost herritan baino gehiagotan egin ondoren, 2020ko apirilean Deban aurkeztea zen asmoa, baina pandemiaren eraginez bertan behera utzi behar izan zen hitzordua, eta geroztik emanaldia herrian taularatzeko “gogo handiz” daude partaideak, Gure Kai taldeko kideek aipatu dutenez.