Zure platerean hasten da mundua lelopean egingo diren jardunaldien helburua da herritarrei elikagaien kontsumo kontzienteago baterako tresna eta baliabideak eskaintzea, eta ekoizpen ereduetan sakonduz, ekologikoa, bertakoa, pertsonen neurrikoa zein ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutakoari balioa ematea. “Elikadura sistema desoreka askoren bidegurutzean dago. Gure elikadurari buruz hartzen ditugun erabakiek eragin zuzena dute gure ingurunean, eta erabakigarria da, beraz, gure osasunean, gizartearenean zein munduarenean”.
Asmo hori oinarri hartuta askotariko izaera duten ekintzak antolatu dituzte. Agroekologia eta elikadura ardatz duen gaia, gainera, herriko ikasleekin ere landuko dute. Zehazki, LH5 mailan dauden ikasleekin landuko dute ikastetxeetan. Jardunaldiei hasiera ofizialki gaur (urriak 4) emango badiete ere, aurreko larunbatean (urriak 1) hasi ziren motorrak berotzen. Antolatzaileek agroekologiari buruzko informazio puntua ipini zuten pasealeku estalian egin zen Merkatu Txikian.
Gaurko (urriak 4), aldiz, Nolakoa izango da etorkizuneko elikadura? izeneko solasaldi-merienda antolatu dute. 18:30ean hasiko da ekintza, kultur elkarteko plazan, eta antolatzaileek adierazi dute zentzumen guztiak erabiliz hausnarketa saio bat ere egingo dutela. Etzi (urriak 6), 19:00etan hasita, berriz, kontsumo ohitura arduratsuei buruzko hausnarketa bultzatu eta zenbait errealitate ezagutzera eman nahi dituen Zure platerean hasten da mundua dokumentala proiektatuko dute kultur elkartean. Emanaldia amaitutakoan solasaldia egingo dute herriko elkarte eta ekoizleekin.
Egitaraua borobiltzeko, Lasturko Arruan haundi baserrira bisita antolatu dute. Ate ireki formatuan bertatik bertara etxaldekoen jarduna ezagutu eta bertako produktuak dastatzeko aukera egongo da. Bisitan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Interesa dutenek 635 202 146 telefono zenbakira deitu dezakete.
EGITARAUA
- Gaur (urriak 4), 18:30ean. Nolakoa izango da gure etorkizuneko elikadura? solasaldi-merienda kultur elkarteko plazan.
- Osteguna (urriak 6), 19:00etan. Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia herriko elkarte eta ekoizleekin.
- Larunbata (urriak 8), 10:00etan. Lasturko Arruan haundi baserrira bisita; etxaldean bertan dastaketa ere egingo da. Bisitara joateko aurrez izena eman behar da.