Bi ekitaldi berri izan ditugu aurtengo jaialdian: Kasu-Azterketa eta Euskal Animazioaren 50. urteurrena.
Batetik, Kasu-Azterketa sailarekin, industriari leku handiagoa eman nahi izan diogu; zinema zuzendari eta ekoizleek euren film luzeen ekoizpenari buruzko azalpenak ematean datza atal hau. Aurkezten diren filmak amaitu gabeak edota estreinatze bidean izaten dira normalean, eta gurekin izan ditugu Fermin Muguruza Black is beltza II: Ainhoa filmarekin, Isabel Herguera El sueño de la sultana filmarekin, eta Alberto Vázquez Unicorn Wars lana aurkezten.
Bestetik, jarduera paralelo gisa, Euskal Animazioaren 50. urteurrena ospatu dugu Kultur Elkarteko plazan. Hiru saiotan, 53 film labur proiektatu dira. 1970-2020 bitartean euskal zuzendariek egindako lanak ikusi ditugu bertan; besteak beste, Rafael Ruíz Balerdi, Juanba Berasategi, Isabel Herguera, Juan Carlos Eguillor, Bego Vicario, Kote Camacho, Joseba Elorza, Charo Garaigorta, Jose Félix González Placer Etxegarai’ko Goti, Izibene Oñederra, Zaloa Ipiña, Joseba Ponce, José J. Bakedano, Gerardo Armesto eta Juanjo Elordiren filmak.
97 herrialdetatik bidalitako 1.057 lan aurkeztu dira Film Laburren Nazioarteko Lehiaketara, eta horietatik 27 film aukeratuditu Debako hamabost herritarrek osaturik Hautatzaile Batzordeak
Hiru sailetan banatu dira filmak: Sail Nagusian, Zuzendari Berriak UPV-EHU Sailean eta Panorama Sailean. Eta epaimahaiak manga estiloaren alde egin du azken erabakian. Hori hala, Nieto zuzendari frantziarraren Swallow the Universe gailendu da Film Onenaren Sariarekin; Stephanie Lansaquek eta Francois Leroyk zuzendutako The Awakening of The Insects film frantziarrak lortu du Gidoi Onenaren Saria eta Zuzendari Berriak Saria The House Of Loss Jinku Jeonen ekoizpen hego korear-japoniarrarentzat izan da. Publikoaren saria, berriz, Bartzelonako Ana Solanas eta Marc Rivaren El Matí del Seyor Xifrók eraman du.
Work In Progress. 16 lan izan ditugu sail honetan, bi ataletan banatuta: Talentu Berriak eta Work In Progress profesionalak. Esparru honetan, enbrioi prozesuan edota amaitzear dauden film laburrak eta animaziozko telesailak aurkezten dira; bakoitzak 10-15 minutuko tartea izaten du bere lana epaimahaiaren aurrean defendatzeko. Hiru sari banatu dira: Work In Progress Saria (500 eurokoa), Izibene Oñederraren Biziraupen Anormala film laburrari; Euskaraz egindako proiektu onenari Berria egunkariak emandako saria, Hauazkena Taldearen Eubalaena film laburrari; Talentu Berriak Saria, Giovana F. Pradoren Cap Piloto telesailari. Talentu Berrietan, aipamen berezia Maite Espinosaren Txakurrek lanak lortu du.
Finantzaketa. Batetik, diru iturri publikoa dago. Debako Udalak 30.000 euro jartzen ditu, bera da ekitaldiaren babesle nagusia. Diru horrez gain, Kutxa Zuriaren (karpa) gastua hartzen du bere gain, eta horrek arnasa ematen digu beste ordainketa batzuk egiteko. Udal langileak ere laguntzen izaten ditugu eszenatokiak eta beste zenbait egitura muntatzen. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere Animadebaren laguntzaileak dira.
Bestetik, finantzaketa pribatuari dagokionean, beherakada handia izan dugu. Gurekin genituen enpresa ugarik ezezkoa eman digute aurten, bakoitzak bere arrazoiekin. Erabat larritu ginen maiatzean eta, azkenean, Kutxa Fundazioaren, Filmazpiten eta Goimek enpresaren diru laguntzek eman digute aurrera egiteko aukera.
Aitor Oñederra: "Finantzaketa pribatuari dagokionean, beherakada handia izan dugu. Gurekin genituen enpresa ugarik ezezkoa eman digute aurten, bakoitzak bere arrazoiekin
Aurretik esan bezala, dimentsio handiko Zinemaldia da Animadeba, eta diru laguntzak bermatuta izan aurretik diseinatu beharra dugu jaialdiaren egitura eta programazioa. Ez da batere samurra izaten, azken unera arte ez baitugu jakiten gastu guztiak ordaintzeko gai izango garen.
Antolakuntza. Aipatu nahi nuke jaialdi garrantzitsuak bezala eratua dagoela Animadeba; urte osoan antolakuntza lan horretan bakarrik aritzen diren bestelako zinemaldien parekoa da. Gurean, ordea, bakoitzak bere lana du, gaur egun ezin baita Animadebaz bizi. Eta urte osoan egin beharreko lanen zerrenda luzea da: egitaraua programatu, finantzaketa bilatu eta gastuak justifikatu, diseinua prestatu, komunikazioa landu, urte osoan Debatik kanpo emanaldi bereziak egin, nazioarteko jaialdietara bidaiatu, edukiak prestatu, kontzertuak programatu, gonbidatuekin jardun, boluntarioak antolatu eta abar luze bat.
Esan bezala, asmo handiko ekitaldia da hau. Aspaldi aipatu nizkien udalari eta beste eragileei Animadebarekin nituen asmoak: “Orokorrean, zinema munduan dabiltzanen eta bereziki animazio industriaren elkargune bilakatzea nahiko nuke Animadeba Zinemaldia. Herritarrentzat eta profesionalentzat, irailaren bigarren astean ospatzen den urteroko hitzordua izatea nahi dut”.
Aitor Oñederra: "Herritarrei aurekztu diegun egitaraua exijentzia handikoa dela ere badakit; horregatik, oso esker oneko nago, Sail Nagusiko bi saioetan aretoa erabat bete dugulako
Esker onez. Ez da erraza Deba bezalako herri txiki batean dimentsio honetako nazioarteko zinema ekitaldi bat antolatzea, eta are gutxiago bertan animaziozko edukiak proiektatzen baldin badira. Lau egunetan, zinema proiekzioak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta beste zenbait emanaldi paralelo izan dira bertan, eta zaila da ekitaldi guztietara jendea ekartzea. Ziur nago alde teknikoagoa duten ekitaldiak ikustera ere animatuko direla herritarrak etorkizunean.
Azkenik, eskerrak eman nahi genizkizueke ekimena gauzatzen lagundu duzuen boluntarioei, trukean ezer eskatu gabe urtero laguntzen zabiltzatenoi; eskerrik asko, bihotz-bihotzez, lantalde osoaren partez.