‘Feminismoak. Lurraldeak. Gorputzak.’ nazioarteko jardunaldiak egingo dituzte Deban

Berriketan 2022ko urr. 7a, 13:28

Agirre Jauregiko Ispiluen gelan egingo dituzte sei hitzaldi motzez eta hiru film laburren aurkezpenez osatutako jardunaldiak. Asteartean (urriak 11) 17:00etatik 20:00etara gauzatuko diren jardunaldietara bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek.

Antolatzaileen esanetan, Euskal Herriko, Guatemalako, Mexikoko eta Hondurasko aktibistek parte hartuko dute jardunaldietan, eta lurraldearen defentsarako agenda bideratzeko zenbait erronka identifikatzeko eta horiei buruz hausnartzeko gonbidapena egingo dute. “Herrialde, testuinguru eta errealitate desberdinetako esperientziei buruzko ikaskuntzak zabaldu nahi ditugu, aldaketarako alternatiba eraikitzeko helburuarekin”.

Besteak beste, migrazio prozesuen, arrazakeriaren aurkako prozesuen eta afektu sareen, esplotazio enpresak eta Ongi Bizitzea, eta sexu eta ugalketa eskubideen eta LGTBIQ+ pertsonen arteko loturak aztertuko dituzte. “Elkartrukerako espazio honen helburua da agenda globalak partekatzea eta koordinatzea, baita herrien arteko elkartasuna indartzea ere”.

Jardunaldiei izena ematen dien hiru arloetan banatuta osatu dute egitaraua. 17:15etatik 18:00etara feminismoarekin lotutako gaiak landuko dituzte. 18:00etatik 18:45era, berriz, lurraldeei buruz ariko dira. Jardunaldien azken zatian, gorputzak izango dituzte hizpide. Arlo bakoitzari eskainiko zaion tarteak 45 minutuko iraupena izango du. Aurreikusitakoaren arabera, arlo bakoitzari eskainitako bloke hasieran, film labur baten aurkezpena egingo da, eta, ondoren, bi solasaldi labur eskainiko dituzte.

EGITARAUA:

  • 17:00. Harrera eta ongietorria Debako Udal Berdintasun arloaren esku.
  • 17:15. Defensoras del Buen Vivir film laburraren aurkezpena.
  • 17:30. Komunikazioa eta feminismo komunitarioak solasaldia, Guatemalako Angie Ross-en eskutik.
  • 17:45. Migrazioiak, antiarrazakeria eta afektu sareak hitzaldia, Sara Alvarez Guatemalako sendatzaile komunitarioaren eskutik.
  • 18:00. Defensoras de la tierra y territorio film laburraren aurkezpena.
  • 18:15. Tokiko lurraldearen ustiapenari aurre egiteko trantsizio ekosoziala hitzaldia, Bea Plaza ikertzaile sozialaren eskutik.
  • 18:30. Erdialdeko Amerikako erresistentziak estraktibismo transnazionalei aurre egiteko solasaldia, Lilia Pradoren eskutik.
  • 18:45. Defensoras de la diversidad sexual film laburraren aurkezpena.
  • 19:00. Sexu eta ugalketa eskubideak solasaldia, Hondurasko Somos Muchas kolektiboko Andrea Rosalesen eskutik.
  • 19:15. Disidentziak hitzaldia, Michelle Carbajal ikertzaile feministaren eskutik.