Jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez gizarte inklusiboagoa lortzeko lan egiten duten pertsonen eta erakundeen lana aintzatesten dute GaituzSport sariek. Ostiralean (urriak 7) Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuten VI. GaituzSport sarien galan sei sari banatu zituzten, eta Deban bizi den kirolariak, zehazki, Goi mailako lehiaketan dabiltzanei eskainitako GaituzSport saria jaso zuen, Boccian lortutako kirol lorpenengatik.
Bere kirol ibilbide bikainagatik ezaguna bihurtu den kirolariak hunkituta jaso zuen saria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik. 1997an hasi zen Boccia praktikatzen, eta orduz geroztik lortu dituen aparteko emaitzei esker, Euskal Herrian kirol hori praktikatzen dutenen artean erreferente bihurtu da.
Saria jaso ostean, oso eskertuta agertu da. “Gala bera oso hunkigarria izan zen, eta esker oneko sentitzen naiz jasotako aitortzagatik. Debako herritarrei eskaini nahiko nieke saria, eta, nola ez, Debako Udalari, kiroldegian entrenatzeko orduan erraztasunak emateagatik. Nigan sinetsi duten babesleen laguntza ere eskertu nahiko nuke: Eibar Kirol Elkartearena, Kirolgirena eta Basque Team-ena, hain zuzen”.
Arrietaz gain, beste hainbat norbanako eta erakunde saritu zituzten galan. Honakoak:
- Fekoor Kirol Elkartea eta Padel Bizkaia Zamudio Torrelagoiti Kluba. Lehiaketa kirolean sartzeko jardunbide egokiei GaituzSport saria jaso zuten, inklusioa padelera eramateagatik eta pertsona guztien artean kirol hori sustatu eta ikustarazteagatik.
- Jaiki Surf Eskola eta Gertu Surfa Denontzat elkartea. Lehiaketaz kanpoko kirolaren esparruan praktika inklusibo onak sustatzeagatik GaituzSport saria jaso zuten, Bizkaian egiten duten surf inklusiboaren proiektuagatik.
- ONCE fundazioa. Kirol arloan inklusioa sustatzen duten pertsonak edo erakundeak GaituzSport saria jaso zuen fundazioak, desgaitasuna duten pertsonak jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez gizarteratzea sustatzeko gizarte konpromisoengatik.
- Kepa Junkera. Kirol eremutik kanpoko praktika inklusibo onei GaituzSport saria eman zioten musikariari, aniztasuna ikusaraziz eta musika batasunerako eta inklusiorako elementu gisa erabiliz kulturaren bidez egiten duen ekarpen handiagatik.
- Juan Carlos Unzue. GaituzSport sari berezia jaso zuen bere kirol ibilbideagatik, konpromiso sozialagatik eta kirola tresna solidario eta inklusibo modura erabiliz, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten pertsonei ikusgaitasuna emateagatik.