Itsasadarraren eremu berdeak ezagutzeko txangoa antolatu du Debanaturak

Berriketan 2022ko urr. 17a, 12:15

Ekin Berdea egitasmoaren baitan antolatutako lehenbiziko jarduera larunbatean, hilaren 22an, egingo da. Adin guztietako herritarrei zuzendutako txangoa izango da eta zabalik dago izena emateko epea.

Debako itsasadarraren eremu berdeak bertatik bertara ezagutzeko txangoa antolatu du Debanaturak larunbaterako. Foruen Plazatik 10:00etan abiatuta, itsasadarreko ibaiertzeko landaretza ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek eta, antolatzaileek azaldu bezala, bertako zuhaitz eta zuhaixka desberdinen haziak biltzeko ere baliatuko dute irteera, “gure mintegia sortzeko helburua baitugu”.

Adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduera izango da eta bertan parte hartzeko dei egin die Debanaturak herritarrei. Txangoan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, debanatura@hotmail.com helbidera idatziz edota 695 783 656 telefono zenbakira deituta.

Urriaren 22ko txangoaren ondoren, bestelako jarduera batzuk ere egingo dira gurean datozen aste eta hilabeteotan, Ekin Berdea proiektuaren baitan; askotariko ekimenak antolatuko dira, betiere ingurumenarekiko sentsibilizazioa jorratzen jarraitzeko helburuz.