Zirkuituan lortu dituen 2.100 puntuei esker izendatu da txapeldun. Zirkuitu nahikoa erregularra eta sendoa burutu du: Casablancan (Maroko) lehiatu zen zirkuituko lehen proba irabazi ostean 1.000 puntu lortu zituen, Pantin-go hondartzan (Galizia) lehiatu zen bigarren proban bosgarren postua eskuratu ondoren beste 500 puntu lortu zituen eta Azoreetan hirugarren postua lortu ondoren, beste 600 puntu lortu ditu.
Txapelketa irabazi ostean, pozez gainezka azaldu da. “Iaz zailtasun asko izan nituen, eta titulu honek nire konfiantza areagotzen du. Duela sei hilabete norbaitek titulua irabaziko nuela esan izan balit, ez nioke sinetsiko”. Europako titulua lortuta, gainera, zuzenean junior mailako WSL txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du; txapelketaren finala datorren urtarrilean jokatuko da Kalifornian (AEB). 20 urteko debarrarentzat junior mailan lehiatu duen azken urtea izan da; hurrengo denboraldian Challenger Series (CS) lehiaketarako sailkatzea dauka begiz jota.
Junior pro mailako zirkuituko azken probari dagokionez, egun bakarrean burutu zuten. Lehiaketaren formatua aldatu behar izan zuten antolatzaileek; ekaitza zegoen iragarrita, eta hurrengo egunetarako olatuen aurreikuspena ez zela hain ona izango iruditu zitzaien.
Proban lehiatu ziren parte hartzaileek metro bat eta bi metro bitarteko olatu ederrak eduki zituzten. Txandaz txanda hartutako olatu onei esker, finalean sartzea lortu zuen Garitaonandiak. Finalean sartze hutsagatik lortutako puntuei esker Europako titulua ziurtatuta zeukan, eta alde horretatik, “lasaiago” ekin zion finalari.
Emozioz betetako final oso lehiatua jokatu zuen Adur Amatriain eta Keoni Lasa zarauztarren eta Kauli Vaast tahitiarraren aurka. Lau surflariak zirkuituko azken probako txapela lortzeko borrokan aritu ziren nor baino nor indartsuago, baina onena Vaast izan zen. Amatriain, Garitaonandia eta Lasa, hurrenez hurren, bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatu ziren.
Euskal surflariek, oro har, txapelketa bikaina egin dute; finaletara ailegatu diren lehiakideen hiru laurdenak euskal herritarrak izan dira. Emakumezkoetan, Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarrak eskuratu du titulu europarra; hirugarren aldiz eskuratu du titulua.