Aurten ere, hizkuntza ardatz hartuta, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan egingo da Euskeraz Bagera zikloa Deban. Euskaraldia abiatzen den egun berean, azaroaren 18an, emango zaio hasiera programazioari eta abenduaren 10era arte luzatuko da. Epe tarte horretan, Mintzodromoa, musika emanaldiak edota literatur ekimenak egitea aurreikusten dute, baina oraindik ere osatzeke dago egitaraua.
“Herriko eragileekin elkarlanean antolatutako programazioa izatea nahi dugunez, aipatutako data horietan gure herrian egingo diren euskararen aldeko zein euskarazko ekimen guztiekin osatutako egitaraua prestatzea gustatuko litzaiguke”, nabarmendu dute antolatzaileek. Hori hala, herriko talde edo norbanakoren batek ekintza edo hitzordu bereziren bat antolatu nahiko balu ere, Euskeraz Bagera zikloan ongi etorria izango dela adierazi dute.
Egitaraua osatzeko proposamen edo ekarpenen bat egin nahi dutenek urriaren 31ra arteko epea izango dute horretarako; 688 87 96 31 telefono zenbakian jar daitezke harremanetan antolatzaileekin.