Azaroko lau asteartetan izango dira hitzorduak, alegia, hilaren 8, 15, 22 eta 29an. Lehen egin zuten bezalaxe, saioak zumardiko kioskoan eskainiko dituzte (euria bada, Ifar Kaleako ikastetxeko patioan), eta Hezten taldeko jolas dinamizatzaileen laguntza izango dute partaideek.
Bi programa eskainiko dira. Batetik, Zabu Zibu (16:30etik 17:30era); 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da eta, beraz, behar-beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin joatea eta jolastea. Bestetik, Txirrintxon (17:30etik 18:30era); 6-9 urte bitarteko haurrentzat.