Dena prest dago Zurrunbilo Eguna ospatzeko

Berriketan 2022ko aza. 4a, 16:32

Surfa ardatza hartuta, Zurrunbilo Eguna ospatuko dute larunbatean (azaroak 5), Santiago hondartzan. Ekintza ugari antolatu dituzte, baina horietan ikusgarriena surf txapelketa izango da.

Herriko Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak bere egun handia ospatuko du larunbatean (azaroak 5). “Olatu eta eguraldi ona” bermatzeko asmoz, lau data posible iragarri zituzten ur kirol elkarteko zuzendaritza taldeko kideek, baina olatuen iragarpena aztertu ondoren, txapelketa bihar egitea erabaki dute. “Iragarpena oso ona da. Surfean aritzeko nahikoa baldintzak egongo dira egun osoan: hego haizea eta 1,5-2 metro inguruko olatuak espero dira. Udazkeneko baldintza hauek txapelketa antolatzeko onak iruditu zaizkigu”.

Egun osoko egitarauari surf, bodyboard eta longboard diziplinak uztartuko dituen surf txapelketarekin emango diote hasiera. Hainbat kategoriatan jokatuko dira txapelketak, gazteenetatik hasita helduen mailetara arte, nesketan zein mutiletan. Zehaztu dutenez, surfean hiru kategoriatan lehiatuko dira (18 urtez azpikoak, open eta master) eta kategoria bakarrean longboardean (neskak eta mutilak) eta bodyboardean (mistoa).

Iaz txapelketan 18 urtetik beherako kategorian parte hartu zuten surflari batzuk.

80 parte hartzaile inguru batuko ditu txapelketak. “60 bat parte hartzaile surfean ariko dira, eta gainontzekoak, bodyboardean eta longboardean”. Azpimarratu dutenez, Deban surf egiten dutenak izango dira guztiak. “Parte hartzaileen artean, ondarrutarren bat, Soraluzeko eta Eibarko jendea ere egongo da, baina denak ere egunerokotasunean Deban surf egiten direnak dira”.

Txapelketa 08:00etan hastea iragarrita baldin badago ere, 08:30ean uretaratuko dira lehen surflariak, txandak antolatu eta dagozkien beroketak egin ondoren. “Itsasgora eta itsasbehera kontuan hartuta antolatu dugu dena. Open kategoriakoekin hasiko da txapelketa, eta era mailakatuan uretaratuko dira gainontzeko kategorietako surflariak”. Zehaztu dutenez, goizean sailkapen fasea jokatzen ahaleginduko dira, eta eguerditik aurrera lehiatuko dira azken faseak, hau da, finalaurrekoak eta finalak.

Uretako ikuskizuna amaitu ostean, sari banaketarekin hasiko dira. “Zurrunbiloko garaikur eta dominez gain, askotariko sariak banatuko ditugu; besteak beste, Yako dendak emandako materiala eta arropa eta Ipar Eskolak emandako bi patinete”. Ekitaldia, gainera, Bitor Garitaonandiari aitortza egiteko baliatuko dute. Garitaonandiak Europako txapelketa irabazi du duela gutxi, eta oroigarri bat emango diote. “Bera ezin da sari banaketan egon, baina bere familiako norbaitek jasoko du oroigarria”.

Haur batzuk, skate free deritzon gunean.

Surf txapelketaz gain, beste hainbat ekintza ere egingo dira. Hondartza pareko aparkalekuan, esaterako, skatean ibiltzeko gune bat ipiniko dute. Nahi duten guztiek bertan erabilgarri egongo diren oholak hartu eta duten trebezia erakusteko aukera izango dutela esan dute antolatzaileek. “Pare bat arrapala ipiniko dira, eta bakoitzak nahi duena egiteko aukera izango du”.

Eguneko proposamenak poteo musikatuarekin eta bazkideen afariarekin amaituko dituzte. Aurreratu dutenez, 50 lagun inguru batuko dira afaritan. Antolatzaileek zale guztiak Santiago hondartza eta inguruetara hurbiltzera gonbidatu dituzte bihar. Bertaratzen direnek “erakustaldi ederrarekin gozatu eta ikuskizun bikain bat” ikusteko aukera izango dutela nabarmendu dute.

EGITARAUA

  • 08:00-18:30. Surf txapelketa
  • 10:30-18:00. Skatean ibiltzeko gunea, hondartza pareko aparkalekuan.
  • 13:00-14:00. Parte hartzaileen bazkaria, Itxas Gainen eskutik.
  • 19:00. Sari banaketa.
  • 20:00. Que toque el de alau txarangarekin poteo musikatua.
  • 22:00. Zurrunbiloko bazkideen afaria.