Neomak osatzen duten zazpi kideak 2014an hasi ziren elkarlanean, Kepa Junkeraren Sorginak proiektuaren bueltan, eta ordutik gaur egun arteko bidea edo trantsizioa “naturala” izan dela uste du Alaitz Eskudero taldekide debarrak. “Proiektu hartarako batu gintuenean hurrengo sei urteetan etorriko ziren bi diskoak eta munduan barrena emandako kontzertuak espero ez genituen bezala, Sorginak amaitu zenean ere ez genuen uste bestelako proiekturik etorriko zenik. Kasualitatean baino gehiago sinesten dut nik kausalitatean, eta hala izan beharko zuen”.
Iazko abenduan ikusi zuen argia Neomak taldearen aurkezpen kantak (Ilargi berriak), baita estetika zaindu eta berritzailez ondutako bideoklipak ere. Eta, jarraian, Hamen izenburuko bigarren bideoklipa kaleratu zuten. “Bigarren hartan, benetako indarra hitzek eta musikak zuten eta, zaindua izan arren, estetika sotilagoa eman nahi izan genion”, dio Eskuderok. Bere iritziz, hain zuzen, bi bideoklipen artean egindako aldaketa hartan sumatu zitekeen nolabait gerora taldeak hartuko zuen norabidearen arrastoa.
“Fusionatzea izan da helburua, guri gustatuko litzaigukeen musika estiloa sortzea”
Zazpi abesti propioz osaturiko lehen diskoa dute orain eskuen artean. “Umetatik jaso dugun trikiti tradizionalari gure ukitua eman eta elektronikaz esperimentatuz lortutako emaitza aurkituko du bertan entzuleak”.
Folkaz gain, bestelako estilo batzuk ere uztartzen ditu diskoak. Eta, tradiziotik ez ezik, berrikuntzatik ere edaten du Neomak-ek. “Trikitixa eta pandero ezberdinak, eta tresna horiekin sortzen diren fandango eta arin-arinak izan ditzake oinarrian. Baina estilo ezberdinen soinuak eta erritmoak gehitu dizkiegu instrumentu zein ahotsei. Beraz, tradiziotik eta berrikuntzatik, bietatik asko izan dezakeela esango nuke”, azaldu du musikari debarrak.
Laburbildu duenez, alegia, “zazpi emakume gazte izanda, eta folkaz gain musika estilo ezberdinak gustatzen zaizkigunez, fusionatzea izan da helburua, guri gustatuko litzaigukeen musika estiloa sortzea”.
“Oso publiko zabalarengana iritsi izanaren zortea dugu”
Maiatzaz geroztik 25 kontzertu inguru eskaini ditu Neomak-ek eta tarteka bestelako talde batzuekin ere partekatu izan du oholtza, Tanxugueiras-ekin Atlantikaldia jaialdian (Errenterian), esate baterako.
Bide propioa egiten. Oro har pozarren daude publikoak orain arte egindako harrerarengatik. “Erantzuna oso positiboa izaten ari da. Badaude aurretik ikusi izan gaituzten formatuan eta estiloan entzutera gerturatzen direnak, baina ezuste atsegina eramaten dutenak. Eta badaude, era berean, berria den zerbait espero dutelako hurbiltzen diren ez trikitizaleak ere. Oso publiko zabalarengana iritsi izanaren zortea dugu”, gaineratu du Eskuderok.
Aurrera begira ere “pixkanaka bide propioa egiten” jarraitzeko asmoa du taldeak. Dagoeneko emanaldi ugari iragarri dituzte datozen aste eta hilabeteotarako. Adibidez, azaroaren 10ean Malagan ariko dira, azaroaren 12an Galdakaon, azaroaren 19an Ereñotzun eta egun bat beranduago, berriz, Berriozarren.