Ostegunean (azaroak 10) Memoria Historikoaren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, S(u/a)minetik bakera zuzenean musikarekin interpretatutako ikus-entzunezko proposamen eszenikoa eskainiko dute Kultur Elkartean.
19:00etan hasiko da Debako Bizikidetza Batzordearen ekimenez antolatutako ekitaldia, eta sarrera doakoa da. Iñaki Peñak zuzendutako eta Naia Egiluz eta Koldo R. Bengoak narratutako lanak 57 minutuko iraupena du, eta irudiak, argazkiak eta elkarrizketak tartekatzen ditu.
Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco arrasatearrak ere gonbidatu dituzte ekitaldira; bertaratzen direnek euren testigantzak entzuteko aukera izango dute ikus-entzunezkoaren ondoren. Bien aitak izan ziren indarkeriaren biktima: Etxaberen aita Batallon Vasco Españolek hil zuen 1975ean eta Sandra Carrascoren aita, berriz, ETAk hil zuen, 2008an.