Mikel Nuñez, Jon Ander Amigo, Unai Olabarri eta Josu Salegik lagun artean sortu eta hazitako proiektua da Xahu; 2018an hasi ziren elkarrekin entseatu eta kontzertuak eskaintzen, baina aurrez ezagutzen zuten elkar, Musikeneko ikasle izan baitziren laurak. Gero Gerokoak hizpide hartuta, Josu Salegi saxofonista debarrarekin aritu gara solasean.
Iaz, uztailean, Jazzez Blai jaialdiaren harira egin genizun elkarrizketan aipatzen zenuen pandemiaren harira hainbat proiektu bertan behera geratu zitzaizkizula, halabeharrez. Ez guztiak, ordea, ezta? Xahu “berpiztu” egin zenuten…
Hala da, bai. Xahuk irautea lortu du, zorionez. Kontzerturik gabe entseguak egiteak zentzua galtzen du neurri handi batean, baina uste dut taldean musika sortzeko gogoa izatea eta partaide bakoitzak Xahu norbere proiektu bezala sentitzea izan direla bizirauteko gakoak.
Zer dakar Gero Gerokoak diskoak?
11 abestik osatutako diskoa da eta bertan lau partaideon konposizioak daude, jazzaren lau ikuspuntu ezberdin. Disko heterogeneoa da, jazz estiloaren barruan denetarik dauka: be-bop, hard bop, egungo jazza edo euskal musikaren eraginak aurki daitezke bertan.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Hasieratik bakoitzak norbere konposizioak eraman ditu entseguetara, gure kantak interpretatzea izan baita helburuetako bat. Abestia osorik idazten du bakoitzak, talde guztiarentzat. Baina, jazza izanik, inprobisaziorako tartea ere lagatzen da.
Zeuk konposatutako piezak ere badira tartean. Zer nolakoak dira?
Diskorako nire hiru abesti aukeratu genituen: Erika, Nai eta New Zortziko. Entzuteko errazak direla esango nuke. Nai duela urte batzuk lagun bati eskainitako kanta da, oso melodikoa, eta gaur egungo jazzean sailkatuko nuke. New Zortziko Xahuren hastapenetan idatzi nuen, jazza eta euskal musika bateratu nahian. Erika, berriz, nire emazteari eskainitako abestia da, grabaketa baino lehen idatzi nuen eta ikutu modernoa dauka.
“Ez da batere erraza jazz estiloko zuzenekoak lotzea, batez ere udako jazz jaialdietatik kanpo”
Lan berria jendaurrean aurkezten hasiak zarete zuzenekoetan, ezta?
Bai, Munijazz-en (Errioxa), Bilboko Gugghenheim-en eta Villalacre-n (Burgos) diskoa aurkezteko aukera izan dugu.
Eta zer nolako harrera izan duzue?
Orokorrean harrera ona izaten ari dela esango nuke. Kontzertuetan oso giro ona sortu da eta emanaldien ostean disko batzuk saldu ditugu, ez da seinale txarra.
Erraza al da jazz estiloko zuzenekoak lotzea? Zailtasunik izan duzue bidean?
Ez da batere erraza, batez ere uda garaiko jazz jaialdietatik kanpo. Zoritxarrez, jazzak ez du jende gehiegi mugitzen eta ez dago jazz kontzertuak antolatzen dituen toki askorik.
Hurrengo emanaldiak noiz eta non izango diren zehazterik bai?
Oraingoz ez daukagu ezer itxita, kontzertu bila gabiltza. Ea zerbait irteten den!
Ea ba hala den… Bien bitartean, non entzun edo eros daiteke zuen diskoa?
CDak salgai dauzkagu nahi duenarentzat; Fnac-en, Internet bidez (www.hotsak.com-en, gure taldearen www.xahuquartet.wixsite.com atarian…) edo zuzenean niri eskatuta lor ditzakezue. Bestetik, Spotifyn ere entzun daiteke.