Larunbatean (azaroak 12), esaterako, Reziklantes antzezlana eskainiko du Turukutupa konpainiak. 19:30ean hasita, kalerik kale eskainiko dute ikuskizuna. Bizikleta gurdi berezien gainean doazen lau aktore musikari dira ikuskizuneko protagonista nagusiak, eta horiek musika tradizional eta abangoardiakoan oinarritutako perkusio kontzertu ibiltaria eskainiko dute birziklatutako eta berrerabilitako materialekin egindako instrumentuekin.
Ikusleari, oro har, bere sormena eta egungo munduari buruz duen ikuspegia birziklatzeko aukera eskaintzen dio ikuskizunak. Sorkuntza kolektiboaren egileek gaineratu dutenez, ikusleak ibilbidea bizikletaz egitera gonbidatuta daude.
Igandean (azaroak 13), bestalde, Zanguango konpainiaren Bestaldean antzerkia eskainiko dute; 13:00etan hasiko da Kaleko Ikuskizun Onenaren Max Saria lortutako saioa. Kale erdian ezarritako oihal erraldoi baten bidez, egunerokotasuneko eszenak eta magia uztatzen ditu ikuskizunak, ikuslea ere antzezlanaren zati bilakatuz.
Egileek azaldu dutenez, kalean dabiltzan ibiltari ezezagunak “harrapatuko” dituzte, eta Zanguango konpainiaren ezaugarri diren ironia eta humorearen bitartez, herritarrak era barregarri eta argian erretratatuko dituzte, imajinatutako istorio erreal baten protagonistak bilakatuz.