Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak aurreko larunbatean (azaroak 5) ospatu zuen bere egun handia, eta jendearen parte hartze handia kontuan hartuta, Zurrunbilo Eguna arrakastatsua izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. “Eguraldia lagun, jende asko batu zen hondartza inguruetan txapelketa ikusten. Jende gehien, batez ere, eguerdi aldean batu zen”. Egunari buruzko balorazio ona egin dute, eta eskerrak eman dizkie txapelketan parte hartu zuten guztiei, baita hondartza inguruetan batu ziren zale guztiei ere.
Ekintza ugari antolatu zituzten, baina horietan ikusgarriena eta jendetsuena surf, bodyboard eta longboard diziplinak uztartu zituen txapelketa izan zen; 80 surflaritik gora batu ziren. Iragarrita zegoen modura, 08:30ean hasi zen lehia, eta “eguzki orduak ondo aprobetxatu aldera”, gainera, txandak bata bestearen atzetik jokatu zituzten. “Txapelketa aurreikusitakoa modura joan zen. Egun osoan 1,5-2 metro inguruko olatu ederrak egon ziren, eta parte hartzaileek surfaz gozatzeko aukera ezin hobea eduki zuten. Egia esan, dena bikain atera zitzaigun”.
Hondartza inguruetara bertaratu zirenek, gainera, aparkalekuan ipinitako skate pistan ibiltzeko aukera ere eduki zuten. “Kuadrillatxo ederra ibili zen erabilgarri egon ziren oholak hartu, eta euren trebezia erakusten. Batez ere, umeak gerturatu ziren”.
18:30ak aldera amaitu zen uretako ikuskizuna, eta jarraian, sari banaketarekin hasi ziren. Ekitaldia, gainera, Bitor Garitaonandiari aitortza egiteko baliatu zuten. Espainiako Txapelketa Absolutua eta Europako Junior txapelketa irabazi ditu aurten debarrak, eta oroigarri bat eman nahi izan zioten Zurrunbilokoek. “Oso ekitaldi polita izan zen, emozioz beterikoa. Bera ezin izan zen ekitaldian egon, eta bere ordez, gurasoak etorri ziren. Hainbat pasadizo gogora ekarri zituzten eta Europako txapelketan irabazitako kopa ere ekarri zuten”.
Sari banaketa amaitu ostean, Que toque el de al lau txarangarekin poteoa egin zuten. “Nahikoa jende batu ginen herritik zehar egin genuen poteoan. Parte hartzaileez gain, kaletik zebiltzan herritarrak ere ibili ziren gurekin batera”. Eguna borobiltzeko, bazkideen afaria egin zuten Itxas Begi elkarte gastronomikoan. “60 bat lagun batu ginen afaritan”.
SAILKAPENA
- SURF TXAPELKETA
- 18 urtez azpikoak
- Gizonezkoak
- Andoni Arregi
- Aran Busque
- Inar Ulazia
- Alex Drayson
- Emakumezkoak
- Enara Zenarruzabeitia
- Noa Garitaonandia
- Maia Herrero
- Elene Franco
- Gizonezkoak
- Master maila
- Xabier Sotelo
- Mikel Arostegi
- Gonzalo Balenziaga
- Jon Zabala
- Open maila
- Xabier Hernandez
- Ugaitz Zenarruzabeitia
- Ibai Arritokieta ‘Arrito’
- Iñigo Kareaga
- 18 urtez azpikoak
- BODYBOARD TXAPELKETA
- Lizar Eguren ‘Txino’
- Ion Mugerza ‘Muger’
- Mikel Gorriti
- Alejandro Morcillo
- LONGBOARD TXAPELKETA
- Emakumezkoak
- Edurne Aristi
- Andrea Larrinaga
- Miren Artetxe
- Gizonezkoak
- Eneko Alba
- Aitor Arozena
- Borja Basterretxea ‘Baste’
- Txomin Aierbe
- Emakumezkoak