Hiru ekimen egin ziren pasa den asteburuan gazte asanbladaren 22. urteurrenaren harira. Ostiralean, haurrentzako txokoa antolatu zuten Kolore Anitz taldearen laguntzaz; larunbatean, berriz, asanbladako kide ohien eta egungo kideen bazkaria egin zen gaztetxean eta, leku berean, igande iluntze partean, Loa Loa Laguna antzerki emanaldia izan zen ikusgai.
Bestelakoak dira, ordea, asteburu honetarako aurreikusitako jarduerak eta herriko txoko ezberdinetan egongo da zer gozatua.
Batetik, azaroaren 18an, bertso afaria izango da Arrano elkartean, 21:30ean, Aitor Sarriegi eta Eñaut Martikorena bertsolariekin. 15 euroan jarri dira salgai afarirako txartelak (Zalburdin eskura daitezke, hilaren 17ra artean) eta ondoko menua eskainiko dute: entsalada, albondigak saltsan patata purearekin eta postrea (ogia, edaria eta kafea barne).
Bestetik, hilaren 19an, larunbatean, herri bazkaria eta musika izango dira protagonistak. Eguerdian Hamabitakoa egingo da Foruen Plazan eta, ordu-erdi beranduago, plazatik abiatuta, Kantu Jirari emango zaio hasiera, Kalean Kantuz-en eskutik; Euskaraldiaren eta Euskeraz Bagera egitarauaren baitan egingo da hitzordua. Ondoren, 15:00etan, bazkari herrikoia izango da Aldats pilotalekuan (txartelak Zalburdin eskura daitezke, hilaren 17ra artean), eta bazkalondoan Ke Toke El De Alau txarangak jardungo du. Eguna biribiltzeko, musika kontzertuak izango dira aukeran Gaztetxean, 22:30etik aurrera: Coast Rebels, Bide Batez Erromeria eta DJ Kemena.