Gaur-gaurkoz 700dik gora lagunek eman dute ekimenean parte hartzeko izena Deban eta Itziarren, baina oraindik ere badago Euskaraldian izena emateko aukera. Bihar, azaroak 17, izango da horretarako azken eguna; herri batzordeak postua jarriko du, 18:00etatik 20:00etara, udaletxeko arkupeetan.
Postuan bertan egin ahal izango da izen-ematea eta, bide batez, ahobizi / belarriprest txapa jasotzeko aukera ere izango da (datozen egunetan ere eskuratu ahal izango dira txapak herrian, dena den). Gainera, balkoietan eta leihoetan zintzilikatzeko banderatxoak ere izango dira salgai. Euskaraldiko kideek gogorarazi dute, halaber, postura bertaratzeko aukerarik ez dutenek Euskaraldiaren webgunea ere baliatu ahal izango dutela izena emateko.
Euskararen erabilera handitzeko ariketa soziala azaroaren 18an, ostiralean, abiatuko da eta abenduaren 2ra arte iraungo du. Deban, baina, Euskaraldiaren bueltan antolatutako ekimenak abenduaren 10era arte luzatuko dira. Izan ere, Zuhatza Euskara Elkartea, Debako Udala, Euskaraldia eta beste hainbat eragileren ekimenez, euskararen aldeko programazio bateratua antolatu baita herrian Euskeraz Bagera lelopean. Euskara ardatz hartuta, elkarlanean osatutako programazioa oraintsu aurkeztu dute antolatzaileek.