Gipuzkoako Futbol Federazioaren ekimenez, futbol egokituko topaketa egingo dute igandean (azaroak 20) estreinakoz Deban. “Gipuzkoan hainbat lekutan egon izan gara. Hilabetero herri bat aukeratzen dugu, eta oraingoan Debaren txanda da”, azaldu du Josu Zubia federazioko kirol arduradunak. Topaketa, zehazki, Gipuzkoako Futbol Federazioak aldundiarekin eta lurraldeko hainbat futbol talderekin, tartean Amaikak Bat, lankidetzan abiatutako futbol egokitu eta inklusiborako planaren barruan kokatzen da.
Iaz eman zioten hasiera planari, eta aurten ere jarraipena eman diote. “Gipuzkoako herri desberdinetan bederatzi topaketa egin genituen iaz. Aurten bi topaketa egin ditugu, eta Debakoa hirugarrena izango da”. Hurrengo pausoa proiektua zabaltzea izango dela jakitera eman dute. “Proiektua indartsu dago. Datorren denboraldiari begira topaketak eremuka egitea pentsatuta daukagu. Gure asmoa da bailara guztietan hilero topaketa bat antolatzea, erabiltzaile guztiek euren bizilekutik gertuen duten jardunaldira joateko aukera izan dezaten”.
Besteak beste, Errenteria, Donostia, Oñati, Lezo, Arrasate, Irun, Zarautz, Bergara eta Ataungo futbolzaleek parte hartuko dute topaketan
Prestakuntza eta sentsibilizazio planaren helburua da futbolari buruzko “begirada irekiagoa eta solidarioagoa” ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak bultzatzea, eta, aldi berean, futbola sustatuz aniztasun funtzionala duten kolektiboei futbolean jarduteko aukera erraztea. Halako ekintzen garrantzia azpimarratu du Zubiak. “Kirolaz gain, beste gauza batzuk ere lantzen dira topaketa hauetan”.
Iragarri dutenez, Gipuzkoa osotik etorritako 9 eta 21 urte bitarteko 50 parte hartzaile inguru hartuko ditu Debako topaketak. “Besteak beste, Errenteria, Donostia, Oñati, Lezo, Arrasate, Irun, Zarautz, Bergara eta Ataungo jendea etorriko da. Alde batetik, aniztasun funtzionala daukaten haurrak egongo dira, 30 bat izango dira. Topaketa hauetan inklusibitatea ere lantzen saiatzen gara, eta Debako talde bat ere etorriko da beste 20 bat lagunekin”.
Hiru taldetan banatuta, entrenamendu saio antzerako bat osatuko dute igandean. “Talde horiek bakoitzaren mailaren, gaitasunaren eta trebeziaren arabera antolatuko ditugu. Topaketa hauen helburua da haur guztiei futbolean aritzeko aukera ematea. Aniztasun funtzionala dutenek ez dute futbola praktikatzeko aukera askorik, eta topaketa hauei esker futbolean aritzeko aukera daukate hilabetero”.