Zehaztu dutenez, ostiralean 19:30etik 21:00etara eta larunbatean 13:00etatik 14:30era ipiniko dute mahaia. “Joan den asteburuko bilketa itzela izan zen. Ikusiko dugu asteburu honetakoak zelako harrera duen. Nahi duenarentzat, bestalde, Albizu harategian, Arkatza eta Masillo liburu dendetan, Galtxa okindegian eta Sukia fruta dendan ere laga ditugu sinadurak batzeko inprimakiak”.
Aurreko astean hasi zuten sinadura bilketa, eta “ondo” doala eta jendearen interesa piztu duela azpimarratu dute egitasmoaren bultzatzaileek. “Astebetean 1.500 sinadura baino gehiago batu ditugu. Kanpainak eduki duen oihartzunarekin pozik gaude. Jendeak oso ondo erantzun du, eta gustura sinatzen dute; halako kanpaina bat abian jarri izana eskertu digute askok”.
Eskaria. Zumaia eta Eibar arteko lineen maiztasuna handitzeko eskatu du Euskotrenen zerbitzua hobetzeko helburuarekin antolatzen hasi den erabiltzaile taldeak. Zehazki, Zumaia eta Eibar artean igarotzen diren trenen maiztasuna astegunetan ordu erdiro bermatuta izatea eskatu dute, Eibar-Bilbo eta Zumaia-Donostia artean gertatzen den modura. Zerbitzuaren hobekuntza, gutxienez, puntako orduetan (07:00etatik 09:00etara, 13:00etatik 16:00etara eta 19:00etatik 21:00etara) ezartzea eskatu dute.
Mendaroko eta Elgoibarko hainbat saltokitan ere laga dituzte eskaria babesteko inprimakiak
Ohartarazi dutenez, gaur egun, ordubetean behin tren bakarra igarotzen da linea horren bi noranzkoetan. “Donostia-Bilbo ibilbide osoan, Mendaro, Deba eta Arroa bakarrik geratzen dira ordu erdiroko zerbitzu hori gabe. Eibar eta Matiko (Bilbo) artean trena ordu erdiro dago (eta Elgoibartik hasita, egunaren zati handi batean), baita Zumaia eta Donostia artean ere”.
Eskariaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, eskakizuna ez dute soilik Debako bizilagunentzako egin, baizik eta bailarako bizilagun guztientzako. “Arazo hau ez dugu uste gurea bakarrik denik, bailarako herritar askorena ere badela uste dugu”. Hori horrela, kanpaina inguruko herrietara zabaldu dute. “Mendaron eta Elgoibarren hasita gaude sinadurak batzen, eta laster Mutrikun eta Arroa Behean hastekotan gara”. Honako lekuetan ere laga dituzte eskaria babesteko inprimakiak:
- Mendaro: Morroskilo denda.
- Elgoibar: Garate, Ikus Optika, Muruamendiaraz, Pitxintxu eta Ecenarro.