DBHko ziklo bakoitzean, bi sari nagusi banatu zituzten; liburu elektroniko bat jaso zuten opari lehenengo saria irabazi zutenek eta Arkatzan erabiltzeko 60 euroko opari txartela, bigarren saria lortu zutenek. Sariez gain, hainbat lanek aipamen berezia izan zuten, eta haien egileek ere jaso zituzten opariak.
Epaile lanetan Maddi Astigarraga, Amets Carrillo, Igor Larrañaga eta Alazne Txurruka aritu ziren. Haien erabakiz, lehen zikloan (DBHko 1. eta 2. maila) Sara Arrizabalaga gailendu zen Jarraitu arnasten izenburuko lanarekin. Ainhoa Gaillardek jaso zuen bigarren saria Letrak lanarekin, eta azkenik, aipamen berezia Ani Sarasketak eskuratu zuen Pistinetan galdurik lanari esker.
Bigarren zikloan (DBHko 3. eta 4. maila), berriz, Mattin Agirrezabalaga nagusitu zen Askatasunaren preso izenburuko lanarekin. Saioa Egañak jaso zuen bigarren saria Errealitate berri bat idazlanarekin eta Oihan Aizpitartek eraman zuen aipamen berezia Zergatik ni ez? idazlanari esker.