Lehenengo mailan, Yoli Mateos eta Maria Badiola elgoibartarrak Leire Mendizabal zumaiarrak eta Karmele Martinez zarauztarrak osatutako bikotearen aurka ariko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, Mendizabalek ordezkoarekin jokatu ditu azken jardunaldiak. “Idoia Zabala zumaiarrarekin osatu zuen bikotea, baina final-erdian eta finalean Martinezek ordezkatuko du”. Bigarren mailako finalean, berriz, Maider Blasco eta Elena Agirre debarrek Onintza C. Sukia eta Oihana Lazkano debarren aurka neurtuko dituzte indarrak.
11:00etan hasiko dira norgehiagokak jokatzen, eta nahi duten pilotazale guztiei Aldats pilotalekura gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek. Bigarren mailako bikoteak kantxaratuko dira lehendabizi, eta, horren ostean, lehen mailakoen txanda izango dela iragarri dute. Bi partidak amaitu ondoren, sari banaketarekin hasiko dira, eta, urtero modura, Maite Etxeberria sari berezia banatu eta saski bat ere zozkatuko dute bazkideen artean. Gaineratu dutenez, txapelketan parte hartu duten guztiei opariak banatuko dizkiete.
Hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak, bestalde, gaur (abenduak 15), 19:15etik aurrera jokatuko dituzte. Lehenengo mailan, Maialen Rosa eta Esti Gorostiza debarren aurka ariko dira Elaia Oiartzabal debarrak eta Amaia Aizpuru azkoitiarrak osatutako bikotea. Bigarren mailan, aldiz, Maddi Ciaran eta Ainitze Agirrezabala debarren aurka ariko dira nor baino nor indartsuago Itziar eta Marilu Albizu ahizpa debarrak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bigarren mailako bikoteak kantxaratuko dira lehendabizi eta ondoren hasiko da lehen mailakoen partida.
Antolatzaileak pozik agertu dira txapelketak aurten izan duen parte hartzearekin. “24 bikotek parte hartu dute txapelketan, eta, ordezko lanak egin dituztenak ere kontuan hartuta, 55 emakume ibili gara txapelketan”.