Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’ izango da Irakurketa Klubaren lehen irakurgaia

Berriketan 2023ko urt. 16a, 12:36

Debako Udalak antolatzen duen Irakurketa Klubak urtarrilaren amaieran hasiko du aurtengo jarduna.

Ostolaza udal liburutegiko arduradunek iragarri dutenez, urtarrilaren 25ean egingo dute urteko lehen saioa. Nerea Ibarzabal kazetari eta bertsolari markina-xemeindarrak duela gutxi plazaratu duen Bar Gloria (Susa, 2022) lehen eleberriari buruz hitz egiteko batuko dira irakurzaleak, Asier Serranoren gidaritzapean. Egitasmoa irakurtzeko zaletasuna duen 16 urtetik gorako edonori dago gomendatua.

Urtarrilaren 25eko saioa euskaraz egingo dute, doakoa da eta 19:00etatik 20:30era bitartean izango da. Hori bai, landuko den liburua norberak ekarri beharko duela gogorarazi dute. Bertan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako hiru bide jarri dituzte: udal liburutegira bertaratuta, 943 19 25 60 edo 697 444 074 telefono zenbakietara deituta edo ostolaza@deba.eus posta elektronikora idatzita.