Emanaldia Kultur Elkarteak eta Debako Udalak elkarlanean antolatutako KulturEkin egitasmoaren baitan egingo dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, KulturEkin programazioko bigarren ekimena izango da. Sarreren aurre salmenta ostiralean (urtarrilak 27) egingo dute, 18:00etatik aurrera, Kultur Elkarteko liburutegian.
Txartelek 5 euroko salneurria daukate eta ostiralean Kultur Elkartera bertaratzeko aukerarik ez dutenek 688 840 308 telefonora deituta edo sarean erosteko aukera izango dutela iragarri dute. Sarrera Internet bidez eskuratu nahi dutenak honako loturan sartu beharko dira. Txartel guztiak agortzen ez badira, emanaldiaren egunean bertan erosteko aukera izango dela jakitera eman dute antolatzaileek; aretoaren sarreran egongo dira salgai.
Ikuskizunari buruz. Miren Narbaiza MICE musikari eibartarraren abestiak eta Itziar Garaluze argazkilari eta artista bisual gasteiztarraren irudiak uztartzen ditu Meteo-k. Ikuskizunean bat egiten duten bi diziplina artistikoei esker, bi mundu horietara beste modura batera hurbiltzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.