Urtarrilaren 25ean emango diogu hasiera Ostolaza Udal Liburutegiko 2023ko Irakurketa Klubari. 2018ko udazkenean abiatu genuen egitasmoa eta hurrengo urteetan ere izan zuen jarraipena, baina 2020an eta 2021ean ezin izan genituen saio guztiak egin, osasun-pandemiaren ondorioz. Iaz, nolanahi ere, aurrera egin genuen Irakurketa Klubarekin eta aurreikusitako hamar saioak egin genituen, arazorik gabe.
Irakurketa Klubak oso harrera ona dauka Deban. Bi talde daude, euskarazkoa bata eta gaztelaniazkoa bestea. 2020az geroztik, Asier Serranok eta Ainhoa Aldazabalek gidatzen dituzte saioak, arrakasta handiz. Eibartarrak dira bi dinamizatzaileak; Asier Serrano idazle, kantugile eta irakasleak euskaraz egiten diren saioak dinamizatzen ditu eta Ainhoa Aldazabal euskal filologoa, literatur feministan aditua eta Skolastika Literatur Zerbitzuetako kideak, berriz, gaztelaniaz egiten direnak gidatzen ditu.
Irakurketa Kluba doako jarduera da eta irakurtzeko zaletasuna duen edonorentzat zabalik dago; saioak 16 urtetik gorakoentzat daude gomendatuta
Orokorrean, esan genezake gaztelaniazko taldea egonkortuta dagoela; iaz, hamabi lagunek parte hartu zuten, batez beste, saio bakoitzean. Euskarazko saioei dagokienean, berriz, egunaren arabera, hasiera batean 8, 9 edo 12 partaide etortzen ziren hitzorduetara, baina iaz gehienez ere 6 lagun elkartu ziren, eta ez saio guztietan. Ea aurten herritar gehiago animatzen diren parte hartzera.
Irakurketa Kluba doako jarduera da eta irakurtzeko zaletasuna duen edonorentzat zabalik dago; saioak 16 urtetik gorakoentzat daude gomendatuta. Klubeko saioen bitartez, partaideek aukera izaten dute idazle eta estilo desberdinak ezagutzeko, baita iritziak taldean partekatzeko ere.
Urtean hamar saio programatu dira guztira; urtarriletik ekainera bitartean egingo dira horietako sei, eta udazkenean gainontzeko laurak. Saio guztiak 19:00etatik 20:30era bitartean izaten dira. Klubean parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udal liburutegian, 943 19 25 60 telefono zenbakira deituta edo ostolaza@deba.eus posta elektronikora idatzita.
*Argazki nagusiaren iturria: Baleike.