Deban izango zara urtarrilaren 27an. Zer nolako emanaldia izango da?
Bakarrik ariko naiz oraingoan, gitarra eta ahotsa lagun.
2021eko udan ere izan zinen herrian, Izurdeen lekua diskoa aurkezten. Formatu aldetik, ordea, ezberdina izango da oraingo honetan emango duzun kontzertua, ezta?
Oso formatu ezberdina izango du, egia esan. Orduan talde osoaren babesarekin aritu nintzen, musikari bikainez inguratuta, oroitzapen ederra ekartzen didan kontzertuan. Oraingoan nire bertsiorik biluzienean hurbilduko naiz, beste muturrean.
Modu batean zein bestean arituta ere, sarrera guztiak agortu dira orain ere…
Oso berri pozgarria da. Areto betearen aurrean kantatzea beti da goxoa taula gainean gabiltzanontzat.
Agertokira igotzeko gogoz, hortaz?
Beti gogoz. Deban ez da ezberdina izango. Bakarka aritzeak, gainera, ahalegin berezia eskatuko dit eta horrek asko motibatzen nau.
“Ezer irabazi aurretik galtzeko prest egon behar dugu. Eta galtzen dugun hura, lortzen ez dugun hori gure baitan geratzen da, amestu hutsagatik bada ere”
Oraintsu bete dituzu 25 urte musikagintzan. Nola baloratzen duzu mende laurdeneko ibilbide hau, Mikel?
Bizirik egote hutsak pozik jartzen nau. Honez gain, bizirik eta, mende laurden eta gero, gehien maite dudan honetan segitu ahal izateak poz bikoitza dakarkit. Nori kantatu izatea, kantuak egiteko grina mantentzea… orduko ametsak bizirik dirau gaur egun.
Zeuk esana da “arrakasten eta frakasoen gehiketa” omen garela… Hortik jaio al da 2022an aurkeztu duzun Badena eta ez dena diskoa?
Gure ametsen bila joatearen aldarria egin dut beti; arriskatzearen alde egin, beldur guztien gainetik, gauzak nahi ez bezala atera daitezkeela onartuz. Ezer irabazi aurretik galtzeko prest egon behar dugu. Eta galtzen dugun hura, lortzen ez dugun hori gure baitan geratzen da, amestu hutsagatik bada ere.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa izan duzu bidelagun, bere sorreraren mendeurrenean; zeuk 25 urteko ibilbidea musikan, eta orkestrak berak 100 urtekoa. Hortaz, urteurrenen ospakizunen baitan ikusi du argia diskoak, ezta?
Sekulakoa izan da bi urteurrenak batu ahal izatea, festa eder horretako gonbidatu izatea. Ohore handia.
“Disko emozionalki indartsua ikusten dut, tonu ezberdinez josia, paisaia aniztuna… kantuz kantu, hunkidura bilatu dugu”
Zer nolakoa izan da sortze prozesuan orkestra sinfoniko batekin aritzea? Eta zer nolakoa azken emaitza? Pozik diskoarekin?
Lan intentsoa izan da. Bingen Mendizabalek egin ditu orkestrarako moldaketak eta emaitza bikaina iruditu zait benetan. Fernando Velazquezen eta Koldo Uriarteren bi moldaketa daude Bingenen lanaz gain, beste bi harribitxi kantu sorta kuttunerako. Bestalde, orkestra batekin aritzea oso aukera potentea da gauza eder bat egin ahal izateko; hori bai, aukera hori baliatu beharra dago eta esango nuke horixe egin dugula.
Hamabost abesti biltzen ditu lan berriak; horietatik hamahiru zure kantutegi ezagunaren parte dira… Nola laburbilduko zenuke, hitz gutxitan, diskoa? Zer dakar barruan?
Nire kantutegiaren oso zati txikia dakarren lana da, abesti gehien-gehienak kanpoan geratu dira ezinbestean. Baina disko emozionalki indartsua ikusten dut, tonu ezberdinez josia, paisaia
aniztuna… kantuz kantu, hunkidura bilatu dugu. Barrura sakon begiratu dugu festari eta suziriei uko egin gabe.
Disko berria, zuzenekoak… proiektu ezberdinak dituzu eskuen artean. Zer eskatzen diozu urte berriari?
Batez ere, osasuna.