Garraio publikoan maskara janzteko derrigortasuna bertan behera geratuko da otsailaren 8an, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du maskararen erabilera garraio publikoan bertan behera utziko duen agindua, eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Dena den, maskara janztea derrigorrezkoa izango da aurrerantzean ere osasun zentroetan, erietxeetan eta zentro soziosanitarioetan; besteak beste, optiketan, farmazietan eta hortz kliniketan.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak esan du egoera epidemiologikoa “oso egonkorra” delako hartu dutela erabakia. Azaldu du gobernuaren lehen asmoetako bat zela maskara garraio publikoan erabiltzen jarraitzea arnas aparatuko gaitzen sasoia amaitu arte (martxo amaiera arte), baina arduradun teknikoekin eztabaidatu ostean ondorioztatu dutela egoera epidemiologikoak aukera ematen duela debekua lehenago altxatzeko.