Deban ere Lilatoian izena emateko aukera zabaldu dute

Berriketan 2023ko ots. 6a, 14:41

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, asteartea (otsailak 7) da izena emateko azken eguna.

Martxoaren 5ean milaka eta milaka emakume elkartuko dira Donostiako 33. Lilatoian parte hartzeko. Beste urte batzuetan bezala, asko eta asko izango dira aurten ere korrika egitera joango diren herritarrak. Horren harira, lasterketan Debako talde bakar modura parte hartzeko izen ematea zabaldu dute Debako Udalak, Gaztelekuak eta Iruleak Emakume Pilotariak taldeak elkarlanean. Ostiralean (otsailak 3) zabaldu zuten izen ematea, eta oraindik ere horretarako tartea badagoela jakitera eman dute; asteartea (otsailak 7) da azken eguna.

Lasterketan korrika egiteko eskubideak eta kamisetak 13 euroko prezioa dauka, eta izena emateko hainbat era daude. Alde batetik, aurrez aurre izena emateko era egongo da turismo bulegoan zein Gaztelekuan; azken honetan, 17:00etatik 19:00etara egongo dira parte hartzaileak jasotzeko prest. Bi toki horietara bertaratzerik ez dutenek, sarean izena emateko aukera izango dute. Interesatuta dauden korrikalariek honako helbidean dagoen formularioa beteta izena eman dezakete.

Debako taldean izena emateko epea asteartean (otsailak 7) amaitzen bada ere, egun horretatik aurrera ere norbere kabuz izena emateko aukera egongo dela gogorarazi dute Lilatoiaren antolatzaileek. Kasu horretan, Lilatoiaren webgunean sartuta izena eman beharko dute interesatuek; otsailaren 26an gauerdian amaitzen da epea. Antolatzaileek ohartarazi dute parte hartzaileen kopurua mugatua dela, eta arrazoi horregatik ahalik eta azkarren izena ematera animatu dituzte emakumeak.

Martxoaren 5eko lasterketara begira, gainera, entrenamendu saioak ere antolatu dituzte Deban. Guztira, bi entrenamendu saio egingo dituzte, eta edonork parte hartzeko modukoak izango direla jakitera eman dute; interesa duten emakume guztiak saio horietan parte hartzera animatu dituzte. “Ez badaukazu norekin entrenatu, zatoz gurekin!”, gaineratu dute antolatzaileek. Honako egun eta orduetan antolatu dituzte entrenamenduak:

  • Otsailak 14 (asteartea): 19:10ean, kioskoan.
  • Martxoak 1 (asteazkena): 19:10ean, kioskoan.