Urtea odol erreserba maila “apalekin” hasi dutela ohartarazi dute odol emaileen elkarteek

Berriketan 2023ko ots. 9a, 11:27

Odol emaileen elkarteek alarma piztu dute. Jaiak, gripea eta bestelako gaixotasun batzuk tarteko, odola ematera hurbiltzen direnen kopurua txikitu egin da, eta horrek odol eskasia eragin du.

Egunero erabiltzen da odola eta, aurrerapen mediko eta teknologiko handiak egin badira ere, oraingoz, ezin da fabrikatu; era altruistan emandako pertsonei esker baino ezin da lortu. Odolaren eta haren osagaien transfusioa ezinbesteko bihurtu da osasun arretan; datuei erreparatuz gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bost minutuan behin behar da odola. “Premia etengabea dago eta, beraz, odol emateek ere hala izan behar dute, etenik gabeak”, adierazi du Arantza Iriondo Urbieta Debako Odol Emaileen Elkarteko arduradunak.

Erauzketa bakoitzean, batez beste, 85 pertsonak ematen dute odola Deban eta, datu hori kontuan hartuta, aurtengo erronka ere jarri dute elkartean: antolatzen duten saio bakoitzean 100 herritarrek odola ematea, alegia. “Azkenean etorri ezin dutelako, gaixotu egin direlako edo medikuak egun horretan odola ezin duela eman erabaki duelako… beharrezkoa ikusten dugu 100 bat laguneko langa hori gainditzea”.

Gabonak, Aste Santua eta udako oporraldi luzeak dauden garaiak “nahiko konplikatuak” bihurtzen direla azpimarratu du, behar diren odol emate horiek guztiak lortzeko “estu” ibiltzen direla ohartaraziz. Odol talde ia gehienak minimoen azpitik egon dira eta, pixkanaka berreskuratzen ari badira ere, oraindik ez daude euren onenean; urte osoko erreserbak bermatu ahal izateko, dei berezia egin dute tokiko elkartetik. “Beharrezkoa da odola ematea. Herritarrak odola ematearen garrantziaz ohartzea eta horiek ohikotasun batekin odola ematera animatzea da xedea”.

Ikerketen arabera, urtean egin daitezkeen odol emate kopuruak honakoak dira: emakumeek hiru eta gizonezkoek lau. Hori bai, emate batetik bestera, bi hilabeteko tartea laga behar da, gutxienez.

Iriondoren ustez, “odola ematea planteatu ere egiten ez duten horiengana iristea da” erreserba mailak bermatu ahal izateko “gakoa”, eta oso argi azaldu du jendea gehiago inplikatzeko arrazoia. “Zuk edo zure familiako beste pertsonaren batek odola beharko duzue noizbait”. Adierazi duenez, tamalez, jende gehiena ez da jabetzen egun dagoen odol eskasiaz.

Erreserbak bermatzeko, odol mota guztien premia dutela azaldu du Iriondok, baina erabiliena 0 negatibo taldekoa da, emaile unibertsalen odol taldekoa. “Larrialdi egoeretan pazientearen odol taldea zein den ezagutzen ez denean, odol mota horren transfusioa egin ohi da”. Erreserba mailak “behar bezala” bermatzen ez badira, arazoak sor daitezkeela gogorarazi du. “Batzuk ez dira konturatzen zergatik dagoen odola erreserbetan, eta hori ulertaraztea oso garrantzitsua da”.

Debako odol emaile handiei 2022ko azaroan egindako omenaldia. Argazkia: Ander Salegi

Horren adibide garbi bat ere eman du: “Hurbileko batek minbizia zeukan, eta egun batean ezin izan zioten tratamendua ipini, egun hartan odol nahikorik ez zegoelako. Esan ziotenez, ospitalean eskuragarri zeukaten odol guztia larrialdietarako gordeta zeukaten. Zorionez, hurrengo egunean jendea odola ematera joan zen eta jarri ahal izan zioten tratamendua, baina egoera larriak izaten dira”.

Ikerketen arabera, urtean egin daitezkeen odol emate kopuruak honakoak dira: emakumeek hiru eta gizonezkoek lau. Hori bai, emate batetik bestera, bi hilabeteko tartea laga behar da, gutxienez. Ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko: konpromiso hori hartzea, 18 eta 65 urte artean izatea, ezinbestean 50 kilo baino gehiago pisatzea eta gaixotasunen batez kutsatu ahal izateko arrisku-praktikarik egin ez izana (sexualak, bidaiak, gaixotasun kutsakorrak dituzten pertsonekin kontaktua izatea…).

Odola eman ostean, komenigarria izaten da “lasai egotea” eta indarberritzeko “mokadu bat jatea eta hidratatzea”

Odola ematea erraza, segurua eta azkarra dela nabarmendu dute odol emaileek. Euren esanetan, emaileari ordu erdi inguruko tartea eskatzen dio, eta ahalegin horri esker hiruzpalau bizitza salba daitezkeela azpimarratu dute. Ematen den odol poltsa bakoitza aztertu egiten da kutsatuta dagoen ala ez ziurtatzeko eta, odola emango duenaren zein jasoko duenaren segurtasunagatik, protokolo zorrotza betetzen da.

Lehenik, eta bere historia medikoa osatzeko, osasun elkarrizketa bat egingo dio medikuak odola eman nahi duenari. Ostean, tentsioa hartu eta hemoglobina maila aztertzen da eta, dena ondo baldin badago, odola emateko aukera izango du emaileak. Odola eman ostean, komenigarria izaten da “lasai egotea” eta indarberritzeko “mokadu bat jatea eta hidratatzea”, Iriondoren esanetan. “450 mililitro ematen dira. Emandako gomendioak jarraituta, eta likido asko edanda, azkar berreskuratzen da odol bolumen hori”.

Odola ematera animatzen direnek badakite zer nolako garrantzia duen elkartasun keinu horrek. Jose Luis Aperribai Etxeberria, esaterako, 18 urterekin etzan zen lehen aldiz odola emateko esku-ohe batean, eta harrezkero ez da odol emaileen mundutik urrundu. Azken 40 urteotan ibilbide luzea egin du: 100 alditan baino gehiagotan eman du odola.

Pertsona bat odola ematen

Lagun giroan joan zen lehen erauzketa hartara, eta geroztik ahal izan duen guztietan eman du odola. “Unibertsitate ikasketetan, soldadutzan eta atzerrian ere ibili nintzen lanean eta, tamalez, urte haietan odola oso gutxitan emateko aukera eduki nuen. Gerora, Gipuzkoara itzuli nintzen eta, harrezkero, kuadrillarekin joaten naiz odola ematera. Deialdia kuadrillan zabaltzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Gu normalean bizpahiru lagun elkartzen gara, eta ondoren zerbait hartzeko geratzen gara”.

Amaia Ajuriagoikoa Alberdik ere 18 urte zituela eman zuen lehen aldiz odola, eta orain artean ez du bere jarduna eten. Gurasoen partetik datorkio konpromisoa eta, keinu horri esker, familia zabalago baten kide bihurtu da. “Txikitatik etxean bizi izan dut hau guztia eta, nire kasuan, oso barneratuta neukan. 18 urte betetzear nengoela hurrengo deialdian ni ere odola ematera hurbilduko nintzela esan nion amari. Pozik jaso zuen albistea”.

“Hainbat urte daramatzat odola ematen, eta nire gomendioa da odola ateratzen ari diren besora ez begiratzea”

Bere inguruko gazteak odola ematera bultzatu nahi izan ditu, baina ez duela arrakasta handirik izan aitortu du. “Kuadrillako lagunak zein ingurukoak animatzen saiatzen naiz, baina, egia esan, ez da lan erraza. Noizbait baten bat etorri izan da, baina, oro har, inor ere ez da animatzen. Ematen ez badute, behar dutenean ez dela nahikoa egongo esaten badiet ere, orratzek beldurra ematen dietela aipatzen didate askok. Orratzak hasiera batean inpresioa eta beldurra eragin dezake, baina ez da hainbesterako. Ulertzen dut beldurra izatea, baina ez du minik ematen”.

Orratzekin ez beldurtzeko era bakarra orratzari ez begiratzea dela aitortu du Aperribaik. “Beldurrarena aitzakia hutsa da. Zer nolako beharra dagoen eta ahalegin horrekin zer nolako laguntza ematen duten jakingo balute, beldurra alde batera utziko luketela uste dut. Batzuek beldurra sentituko dute, baina horiei ere, behin bada ere, probatzea gomendatuko nieke. Hainbat urte daramatzat odola ematen, eta nire gomendioa da odola ateratzen ari diren besora ez begiratzea; horrekin zorabiatzea saihestuko dute. Nik, egia esan, behin ere ez diot begiratu orratzari; beldurrik ez dit ematen, baina sentsazio arraroa edo inpresio pixka bat eragiten didala aitortu behar dut”, dio irribarre artean.

Are gehiago, odola emateak ez duela minik ematen ere gaineratu du. “Ziztada txiki bat igartzen duzu, besterik ez”. Odol-ateratzeetan herritarren artean sortzen den giroa azpimarratu dute biek ala biek. “Oso giro polita sortzen da; jendea pozik etortzen da, badakigulako norbaitek behar duena jasoko duela”.


HURRENGO DEIALDIAK:

Odol-ateratzeak hiru hilean behin egiten dituzte Deban. Ostiraletan, 16:30etik 20:30era, Luzaro ikastetxean aritzen dira osasun arloko profesionalak lanean eta, antolakuntza lanak errazte aldera, aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa dela esan dute.

Txandak saioa iragarrita dagoen astearen hasieran hartzen dira, eta jendeari deitu ahala ematen diote ordua. 612 402 103 telefono zenbakira deitu edo whatsapp mezu bat bidali beharko dute interesdunek izena emateko. “Bakoitzari zer ordu etortzen zaion ondo galdetzen diogu, eta horren arabera ematen ditugu txandak”. 2023rako honako datak iragarri dituzte: otsailak 10, maiatzak 12, abuztuak 4 eta azaroak 10.