Ekimena prestatzeko bi entsegu ireki egin ondoren, Kaldereroek bihar iluntzean hartuko dituzte herriko kaleak. Ohiko moduan, inauteriak ospatu baino astebete lehenago izango da desfilea. Mozorrotuta eta zartaginak eskuetan hartuta, Agirre jauregiko plazan batuko dira herritarrak eta 19:30ean emango diote hasiera kalejirari.
Kaleetan barrena abiatu ostean, hiru geldiune egingo dituzte Kaldereroek. Lehenengo bi geldiuneak Berasaluze plazan eta Plaza Zaharrean izango dira (pregoia, abestiak eta dantzak eskainiko dituzte) eta hirugarrena, berriz, Foruen Plazan (bertan egingo da emanaldi nagusia).
Gure Kai E.D.T., Udala, Goaz, Kalean Kantuz, Aitzuri abesbatza, Musika Banda eta, besteak beste, Musika eta Dantza eskolako kideak ere elkarlanean aritzen dira Kaldereroen ohitura berreskuratzeko ahaleginean. Iaz, esate baterako, hamarnaka lagunek parte hartu zuten deialdian eta herritarrek harrera beroa egin zioten ekimenari.