ELKARRIZKETA

M. Narbaiza: “Eguraldiaren eta klimatologiaren gaineko hausnarketa bat da ‘Meteo'”

Berriketan 2023ko ots. 23a, 09:30

Miren Narbaizaren ahotsa eta musika, eta Itziar Garaluce argazkilari eta artista bisualaren irudiak uztartzen dituen Meteo ikuskizuna izango da bihar (otsailak 24), 22:00etan, Kultur Elkartean.

Gasteizko HAZ espaziorako orain bi urte enkargatutako kontzertu batean ezagutu zuten elkar Miren Narbaizak (Eibar, 1986) eta Itziar Garalucek (Gasteiz, 1986), eta hura izan omen zen orain eskuen artean daukaten Meteo proiektu berriaren abiapuntua. “Orduko hura kontzertu arrunt batetik hurbilago egon zen, agian, nahiz eta ate bat zabaldu genion, konturatu gabe, esperimentazioari”, dio Narbaizak. Harrezkero, beste emanaldi batzuk egin dituzte, eta beste norabide bat hartu. Lan berria Deban aurkeztuko dute, KulturEkin egitarauaren baitan. Emanaldiaz ez ezik, orain arte musikagintzan egindako ibilbideaz eta aurrera begirako erronkez ere aritu gara eibartarrarekin.

Nolakoa izan da Meteo-ren sorkuntza prozesua?
Duela bi urte elkar ezagutu genuenean, nik nire kantuak nituen eta Itziar izan zen nigana egokitu zena. Kantu bakoitzak zer iradokitzen zidan azaldu nion, sentsazioak, koloreak, sentimenduak eta abar, eta hortik bere interpretazioa sortu zuen. Esan bezala, momentu batean ohartu ginen ordurako ez zela kontzertu arrunt bat, eta hausnarketa batean sartu ginen. Garaion Sormen Gunean egin genuen egonaldiak asko lagundu digu Meteo-ri forma emateko orduan, eta irudia zein musikaren gainekoak elkarrekin pentsatu ditugu: zein irudi, bideo sartu nahi genituen ikusi, batetik; eta zein musika, giro sortu nahi genuen aztertu, bestetik. Han abiapuntu berria finkatu genuen eta hori biribiltzen saiatu gara.

Zer aurkituko du ikus-entzuleak Kultur Elkartean? Bi begirada edo ikuspuntu proposamen bakarrean?
Meteorologian, eguraldian oinarritzen den ikuskizun bat da Meteo. Bi hitzetan azaltzeko zaila da, baina, finean, eguraldiak gugan duen eraginaren eta guk ere planetan eta eguraldian eragiten dugunaren gainean pentsatzera garamatza. Eguraldi iragarpenak nolabaiteko parentesi bat dira eguneroko albistegiaren baitan. Eta nahiz eta bere horretan informazio soila dirudien, pertsona bakoitzak ditugun interesen arabera desberdin jasotzen dugun informazio bat da. Ertz asko ditu gaiak, eta guk geuk ere egunean-egunean ikuspuntu berriak ikusten dizkiogu.

Inprobisaziorako tarterik lagatzen al du ikuskizunak?
Bai Itziarrek bai nik zuzenean egiten dugu bakoitzak berea. Eta tempoak musikan zein bisualetan elkarrekin joan daitezen saiatzen gara. Gidoiaren gainean, beraz, badago inprobisazioa eta halaxe izatea nahi dugu, momentuaren esku uztea sortuko dena.

“Niri irudia, ikus-entzunezkoa asko gustatzen zait, eta Itziar oso musikazalea da. Aitzakia polita da ondokoarena hobeto ezagutu eta unibertso eta egiteko modu berrietan murgiltzeko”

Proiektua jendaurrean aurkezteko emanaldirik egin al duzue aurrez?
Gasteizko HAZ espazioan egin genuen lehenengo elkarlana, baina hau gure hirugarren emanaldia izango da Meteo bezala. Hala ere, Debakoa izango da gidoi berri honekin egingo dugun lehenengoa.

Gustuko al duzu diziplina artistikoen arteko fusioa?
Elkarri eragitea beti da positiboa. Niri irudia, ikusentzunezkoa asko gustatzen zait, eta Itziar oso musikazalea da. Aitzakia polita da ondokoarena hobeto ezagutu eta unibertso eta egiteko modu berrietan murgiltzeko. Gero kodigoak agian ulertu egin behar dira, teknika eta abar… Baina uste dut beste leku batzuetara iristeko aukera ona dela. Era berean, elkarlanean funtzionatzea ere aberasgarria da.

Itziarren izan zinen abenduan, baina Mice proiektuarekin. Ba al dute loturarik Mice-k eta Meteo-k?
Musika nire esku dagoenez, baietz pentsatzen dut, badutela lotura, halabeharrez. Baina oinarrian proposamenak diferenteak dira. Bata zuzeneko kontzertu bat da, sei musikari disko bat aurkezten. Bestea, Meteo, esperimentalagoa dela esango nuke, ez hain gauza zehatza. Dena dela, bietan bidaiatzea gustuko dut, eta biak dira bidaia bat bere modura.

“Polita da atzera begiratzea eta muturra zenbat kontutan sartu duzun ikustea. Eta, onena, beste hainbat kontu sortzeko grina ere sentitzea”

2017an abiatu zenuen Mice proiektua eta hirugarren diskoa kaleratu zenuen iaz, Lautada. Azkenaldian lan berria aurkezten ibili zara zuzenekoetan. Pozik?
Disko berriarekin oso pozik gabiltza, aurrelan handia eskatu duen lan bat izan da, bi urteko prozesua. Eta jendeak esan digu igartzen dela dedikazioa eta bilaketa diskoa entzutean. Zuzenekoetan ere asko ari gara gozatzen, talde polita osatu dugu, musikari eta lagun talde ederra dugu. Ezin kexatu!

Urte batzuk daramatzazu musikagintzan eta estilo askotariko proiektu edota taldeetan ibili zara. Zer nolako eboluzioa izan du Miren Narbaizak artista gisa?
Zaila zait erantzutea… Napoka Iriarekin hasi ginenean gaztetxoak ginen eta agian inuzenteagoak ere bai. Urteekin musika nire ogibide ere bilakatu da eta dena ez da hain gozoa, noski. Baina polita da atzera begiratzea eta muturra zenbat kontutan sartu duzun ikustea. Eta, onena, beste hainbat kontu sortzeko grina ere sentitzea.

Atzera begira jarri zaitugu eta aurrera begira ipintzea dagokigu orain. Proiektu edo erronka berririk bai eskuen artean?
Momentu honetan Mice-ren diskoa aurkezten ari gara eta horrela izango da denbora batez, ahalik eta gehien jotzea da asmoa, gozatzea eta jarraitzea. Azken urteetako beste proiektu garrantzitsu bat Gakobeltz Hit Faktoria izan da. Joseba Baleztenak eta biok Duranan abiatu dugun grabazio eta ekoizpenerako espazioa da, gure proiektuak lantzeko eta ingurukoenak aurrera eramateko lantegia. Finean, musikarekin gozatzen jarraitzen badugu, pozik!