Astebururako iragarrita dagoen eguraldi txarra eta tenperaturen jaitsiera tarteko, herriko ikasleekin igandean (otsailak 26) Irimora egitea pentsatuta zeukaten irteera bertan behera uzteko erabakia hartu dute Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeko ordezkariek. Batez ere, eguraldiak “egoera arriskutsuak” eragin ditzakeela iritzita hartu dute erabakia. “Parte hartzaileen segurtasuna bermatzea berebizikoa da guretzat”, esan dute.
Herriko ikastetxeekin elkarlanean hilero antolatu ohi duten hurrengo irteera martxoaren 12an egingo dutela zehaztu dute. “Egun horretan ibilaldi neurtua izango da Mutrikun, eta bertan parte hartzeko asmoa daukagu”.