Ekitaldian Tene Mujikaren bizitza eta obra jasotzen dituzten hiru lan aurkeztu zituzten: Goikoetxearen eta Cresporen liburua bana eta hiru egileek elkarlanean ondutako beste liburuxka bat. Elkarrekin ondutako lan hori “ahizpatasunez” egindakoa dela nabarmendu zuten hiru egileek, eta prozesuak berak emandakoari garrantzia eman zioten.
Gilen Garcia alkateak eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordeak ere parte hartu zuten ekitaldian; hiru egileek egindako lana eskertu zuten, baita ildo horretan lanean ari direnen lana ere. Tene Mujikari buruz azken urteetan egiten ari den lan oparoa aipatu zuen Garciak, eta udalak horretarako hartuta duen konpromisoa berretsi. Aldi berean, idazle eta olerkari debarra hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan egindakoak ere ekarri zituen gogora. Dobaranek, bestalde, Mujikaren “garaiko emakumeen ausardia eta ezkutuan egon den lana” nabarmendu zituen.
Lanei buruz. Ekitaldian aurkeztu ziren hiru lanetatik bat Nekane Goikoetxea Mondragon Unibertsitateko irakasle debarrak idatzi du. Tene Mujika emakumea. Pizkundetik ahanzturara. XXI. mendetik ateratako postargazkiak ikerlana, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2019an sortutako Berdintzen bekaren lehenengo saritua izan zen. Egilearen esanetan, ikerlanaren helburua bikoitza izan da. Batetik, Tene Mujika bere garaiko testuinguruan kokatuta eta haren sozio-biografia aintzat hartuta, bere ekarpenaren balioa handitzea nahi izan du egileak eta, bestetik, Mujikaren azterketan genero ikuspegia txertatu du.
Cira Crespo historialariak, bestalde, Tene Mujika udazkeneko argitan liburua ondu du. Debako Udalak argitaratutako lan honetan hainbat galderari erantzuten ahalegindu da egilea. Besteak beste, 60ko eta 70eko hamarkadetan Mujikak egindako ahaleginaren berri izango du irakurleak. Mujikak garai hartan idatzitako idazlanak, poemak eta iritziak ere batu ditu Crespok. “Are gehiago, emakume idazle, euskaldun eta zahar bat belaunaldi berri eta iraultzaile oso batekin hizketan ipini ditu”.
Belen Ibarrola diseinatzaile grafikoaren erakusketa ibiltarian bildutako lanen liburuxkari buruz jardun zuten azkenik. Tene Mujikari eskainitako erakusketaren katalogoa eta Tene Mujikaren objektu pertsonalen erregistroa lana, hain zuzen, Belen Ibarrolak berak Nekane Goikoetxearekin, Cira Cresporekin batera egindako lanaren emaitza da. Gerra garaiko eta gerraosteko indarkeria jasan zuten emakume aitzindariak omentzea da lanaren helburua.
XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak dira erakusketaren eta liburuxkaren protagonistak. “Erakusketak bisitatu dituen herri bakoitzeko, bertako protagonista bat gehitu da erakusketara, eta Debaren kasuan, Tene Mujika gehitu da. Erakusketa hori iaz ikusteko aukera izan zen herrian, eta orain bertako materialarekin egindako liburuxka aurkeztu da”.