Ertzaintzak jakinarazi dutenez, gaur (otsailak 27) goizean “polizia aurrekariak” dituzten 19 eta 26 urte bitarteko hiru gazte atxilotu dituzte Deban, merkataritza establezimendu batean lapurreta egiteagatik. Zehaztu dutenez, atxilotuak agintari judizialen eskuetan ipiniko dituzte, dagozkien eginbideak amaitutakoan.
Ertzaintzaren iturrien arabera, 03:00ak inguruan partikular batek SOS Deiaren 112 telefono zenbakira deitu du, denda batean kristal hautsien zarata entzun duela esanez. “Lekura hurbildu diren agenteek bi gizon ikusi dituzte merkataritza establezimendu batetik korrika ihesi, eta ez diete jaramonik egin gelditzeko emandako aginduei”. Zehaztu dutenez, susmagarriak handi gutxira harrapatu eta atxilotu dituzte. Gaineratu dutenez, inguruan aparkatuta zegoen auto batean zain zegoen emakume bat ere atxilotu dute.
Atxilotu dituzten unean atxilotuei haxix eta marihuana “kopuru txikiak” ere atzeman dizkietela jakitera eman dute; arau hauste horregatik zigor administratiboa jarri diete. Ertzaintzak gertaera ikertzen jarraitzen du, eta atxilotutako gazteetako batek Eibarko eta Gernika-Lumoko ertzain-etxeen mugapeetan egindako beste lapurreta batzuetan zerikusia ote duen ikertzen ari da orain.