Martxoaren 16an hasiko da Cimasub Debako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa

Berriketan 2023ko mar. 6a, 10:16

Orain edo inoiz ez lelopean ospatuko dute 24. edizioa Deban. Munduko itsaso eta ozeanoetako egoeraren erakusgarri diren hainbat film labur eta dokumental ikusteko aukera egongo da Kultur Elkartean.

Bueltan da Real Sociedad Urpekoak elkarteak antolatutako eta Debako Udalak babestutako Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. Hiru ostegunetan —martxoaren 16an, 23an eta 30ean— mundu zabaleko itsaso eta ozeanoetako egoeraren erakusgarri diren ikus-entzunezkoak ikusteko aukera egongo da Kultur Elkartean, 18:30etik aurrera, doako sarrerarekin. “Mundu osoko zaletu eta ikus-entzunezko profesionalen grina, gizakiaren eragina erdigunean jarrita, planetaren bizi iraupenerako hain  garrantzitsuak diren itsaso eta ozeanoen edertasuna eta narriadura erakutsiko digute”, azaldu dute antolatzaileek.

Guztira, mundu mailan saritutako 26 film labur eta lau dokumental ikusteko aukera egongo da zinema zikloaren baitan. “Planetaren itsaspeko paradisu ezberdinekin gozatzeko aukera ematearekin batera, gure itsasoek sufritzen duten narriadura azaleratuko dute lanok”.

Mundu mailan erreferente. Antolatzaileen esanetan, ikus-entzunezko lan ezberdinen hedapenean oinarrituta, itsaspeko mundua ezagutaraztea eta itsaso eta ozeano guztien zainketaren kontzientzia zabaltzea da Cimasub jaialdiaren helburua. 47 urteko lanaren ondoren, planeta osoko itsaspeko zinemaldirik luzeena bihurtu da. “Munduko erreferentea da urpeko zinemaren jaialdietan, eta mundu osoko film laburrak eta dokumentalak jasotzen ditu lehiaketara”.

Emandako datuen arabera, 80 herrialde baino gehiagok parte hartu zuten iazko jaialdian. “Hori dela eta, aukera paregabea da pantaila handian sektoreko lanik onenez gozatzeko, bai kalitateari dagokionez, eta baita sentsibilizazioko eta itsasoko ingurumen hezkuntzako edukiei dagokienez”.

Martxoaren 16an, gainera, Txikizikloren beste edizio bat ospatuko dute. Ikasleentzat zuzenduriko emanaldi berezia 10:00etan hasiko da Kultur Elkartean, eta bertan, LHko 5. eta 6. mailako 10 eta 12 urte bitarteko haurrek itsaspeko zinemaz gozatzeko aukera izango dute. Azaldu dutenez, ekintzan parte hartuko duten ikasleei aurretik gelan lantzeko material didaktikoa erraztuko zaie ikus-entzunezko material osagarriarekin eta jarduera eta orientazio metodologikoekin batera.

PROIEKZIOAK: